Danontzat gaztetxeko eta Gorlizen Euskarazeko kideek azaldu dutenez, bai Plentzian bai Gorlizen euskaraz ibiltzen den jende asko dago, baina sakabanatuta dagoenez zaila da egunerokotasunean bere osotasunean euskaraz egitea. Ekitaldi hau "denok batera euskaraz eta euskaratik aritzeko espazio edo egun bat" izatea nahi dute.
Azken urteetan euskarari buruz hitz egitean etsipenetik edo era negatiboan egiten dela uste dute antolatzaileek, hamaika arrazoiengatik (euskararen aurkako oldarraldia, inguruko jendea une oro gazteleraz entzutea…), baina egun hau "jendea batzeko, motibatzeko eta borrokari alaitasunez eta kolektiboan erantzuten ikasteko" baliatu nahi dute. Ekitaldiaren helburua esparru eta adin ezberdinetako euskaltzaleak elkartzea eta komunitatea ehuntzea, hizkuntza ohiturak aldatzea, euskararen egoeraz hausnartzea eta, batez ere, ondo pasatzea dela adierazi dute.

Plentziarrek eta gorliztarrek egitarau oparoaz gozatu ahalko dute egunean zehar. Harrera 11:45tan izango da, eta jarraian, 12:00tan, euskararen egoeraren inguruko mahai-ingurua eta Orkestra zooragarria liburuaren ipuin kontaketa musikatua egongo dira. Eguerdiko 14:00tan bazkaria egingo da; aldez aurretik izena eman behar da, formulario hau betez. Arratsaldean, kantuan aritzeko aukera egongo da 16:00retan, euskal tribiala eta umeentzako jolasak egongo dira 17:30tan, eta bertaratutako guztien argazki erraldoia egingo da 19:30tan. Azkenik, Zatekeen erromeriaren kontzertua egongo da 20:30etatik aurrera. Antolatzaileek nahidugulako@gmail.com helbidea jarri dute eskuragarri edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiago eskatzeko.
Ekintza gehiago aurreko egunetan
Urriak 3ko egitarauaz gain, aurreko egunetarako beste hainbat ekintza antolatu dituzte ere: irailaren 25ean, Al Kamandjati Palestinari buruzko dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia egingo dira Sertutxenan, arratsaldeko 18:30etan; irailaren 30ean, 12 urtetik gorakoentzako Momentutxoa antzerkia izango da Goñi Portalen, 19:00etan, eta urriaren 1ean, umeentzako jolasak egongo dira Iberre plazan, 17:00etatik aurrera.