Plataformak azken hilabeteetan egindako mobilizazioei jarraipena emango die deialdiak. Abuztuan Artatza parkean zundaketen hasieraren aurka batu ziren, eta irailaren 9an Artatza-Romo institutuaren aurrean egin zuten elkarretaratzea, inguruko ikastetxeetako hezkuntza-komunitateagaz batera. Joan den astean, berriz, proiektuaren inguruko eztabaida publikoa antolatu zuten Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan.

Urriaren 24ko mobilizazioan hainbat aldarrikapen batu gura ditu Subflubiala EZ!ek. Horien artean garraio publikoa indartzea dago, plataformak itsasadarraren azpiko tunelaren alternatiba gisa defendatzen duena. Era berean, Artatza eta Ballonti inguruen babesa zein Artatza-Romo institutuaren etorkizuna jarri dituzte deialdiaren erdigunean. Plataformaren arabera, proiektuak berdeguneetan eta ikastetxearen inguruan eragin nabarmena izango luke.
Artatza-Romo institutuaren egoera, hain zuzen, azken hilabeteetako aldarrikapen nagusietako bat izan da. Ekainean Artatza-Romo, Betiko Ikastola, Artaza Pinueta eta Romo ikastetxeek proiektua gelditzeko eskatu zioten Bizkaiko Foru Aldundiari, ikasleengan izan ditzakeen ondorioengatik; uztailean, berriz, Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek ere proiektua eteteko eskatu zuten.
Manifestazioa urriaren 24an, 18:00etan, abiatuko da Areetako Xake plazatik. "Subflubiala geldituko dugu" lelopean, plataformak herritarrei deia egin die kaleak betetzeko.