Artea eta itsasoa uztartuko dituzte 'El aMAR nos cuida' komunitate-proiektuan

Laura Fontalba Colomo

Gorlizko ospitalean jasotako piezak mural komunitario batera eramango dituzte.

Komunitate-proiektuko ekimenaren helburua Uribe Kostako pertsonen, elkarteen eta erakundeen arteko sareak ehuntzea da, artea eta itsasoa topagune, "parte-hartzerako eta zaintza komunitariorako espazio gisa erabilita".

Adierazi dutenez, aste hauetan, esparru desberdinetako eragileak ari dira parte hartzen: osasun arlokoak (Osakidetza), hezkuntzakoak (ikastetxeak eta ikastolak), gizarte arlokoak (Argia Fundazioa, droga-mendekotasunagaz, osasun mentalagaz eta beste kolektibo batzuekaz lotutako elkarteak), erakunde publikoak, elkarte-sarea eta herritarrak.

Gainera,  arteterapia-tailerrak proiektuaren funtsezko atal bat dira, Rosana Azar artistak gidatuta. Azar Estatu Batuetatik sormen-prozesu hau laguntzeko etorri da. Tailer horietan artea norberak bere burua adierazteko, esperientziak partekatzeko eta hainbat prozesu lantzeko tresna bihurtzen da; amaitzean, horiek guztiak sorkuntza komun batean islatzeko helburuagaz.

Irailaren 29an, martitzenean, ibilbide honetako etapa sinbolikoenetako bat egingo dute. Gaineratu dutenez,  egun horretan, Marea Errota goletan nabigatuko dute Portugaletetik Gorlizera. Hara heltzean, ontzia ospitalearen parean kokatuko dute, Gorlizko Ospitalean egindako tailerretan sortutako piezak jasotzeko; ondoren, pieza horiek mural komunitario handira eramango dituzte, gainerako parte-hartzaileek egindako lanakaz batera.

Itsas zeharkaldiaren ideia nagusia zera da: pertsona eta erakunde desberdinak elkarregaz nabigatzea, komunitate beraren parte diren lekuak, esperientziak eta errealitateak lotuz.

Egitaraua:

Irailak 29

  • 14:30 Marea Errota goletara igotzea, Portugaleten, itsasadarra zeharkatzen duen txalupa dagoen pantalanetik.
  • 15:00 Gorlizerantz irteera.
  • 17:00 Gorlizera heltzea.
  • 17:00-19:00 Badian ainguratzea eta Gorlizko Ospitalean egindako materiala jasotzea.
  • 19:00 Portugaletera itzulera ontziz.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun