Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epea urriaren 15ean amaituko da

Izaro Garcia

Interesa dutenek euren errolda-udalerriari dagozkion Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete.

Alokairua ordaintzeko arazoak, argiaren edo gasaren fakturei aurre egiteko zailtasunak edota etxean ezinbesteko konponketaren bat egiteko dirurik ez izatea. Horrelako egoeretan dauden herritarrei zuzenduta daude Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL), eta Uribe Kostan 2026ko laguntzak eskatzeko epea urriaren 15ean amaituko da.

Une jakin batean beharrezkoa den gastu bati aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonei eta familiei laguntzea da helburua, egoera ekonomiko zail batek gizarte-bazterketa eragin edo larriagotu ez dezan. 2026rako, Eusko Jaurlaritzak 41,5 milioi euro bideratu ditu Euskadi osoko GLLak finantzatzeko.

Egoera bakoitzaren arabera, etxebizitzaren alokairua, argindarra, gasa edo etxeko bestelako energia-gastuak ordaintzen laguntzeko erabil daitezke, baita etxebizitzaren mantentzeagaz lotutako beste behar batzuei aurre egiteko ere.

Laguntza jasotzeko, besteak beste, eskatzen den udalerrian erroldatuta eta benetan bertan bizi behar da, eta Euskadiko udalerriren batean gutxienez sei hilabeteko errolda zein bizilekua egiaztatu behar dira. Era berean, familiaren edo bizikidetza-unitatearen egoera ekonomikoa hartuko dute kontuan, laguntza eskatzea eragin duen gastuari aurre egiteko baliabide nahikorik dagoen aztertzeko.

Zelan eskatu?

Uribe Kostan, interesa dutenek euren errolda-udalerriari dagozkion Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete. Hitzordua 946 76 26 74 telefonoan edo Mankomunitatearen webgunearen bidez eska daiteke; aurrez aurreko arreta Sopelako Gatzarriñe kaleko 4. zenbakian ere eskaintzen da. Eskaera telematikoki egiteko aukera ere badago.

Laguntza ez da  baldintzak betetze hutsagatik automatikoki emango. Gizarte Zerbitzuek kasu bakoitza aztertuko dute, benetako behar-egoera dagoen eta GLLak egoera horri erantzuteko egokiak diren baloratzeko. Araudiak, gainera, laguntzak eskuragarri dagoen aurrekontuaren menpe daudela jasotzen du.

Beraz, laguntza behar izan dezaketela uste duten herritarrek urriaren 15a baino lehen egin beharko dute eskaera. Zalantzarik izanez gero, Gizarte Zerbitzuetara jotzea da aukerarik egokiena, bertan kasu bakoitza aztertu eta zer laguntza eska daitekeen argitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun