Emaitzek erakusten dutenez, Estatuko batezbestekoa 451 puntukoa da, Europar Batasunekoa 459koa eta ELGAkoa 461ekoa. Euskadi azken postuetan dago irakurketan, eta Ceuta eta Melilla baino ez ditu atzetik.
Proba horretan ez da bakarrik irakurmen-ulermena neurtzen, informazioa aurkitzeko eta interpretatzeko gaitasuna, testu bateko ideiak erlazionatzeko, iturri desberdinen arteko loturak egiteko eta irakurritakoa kritikoki ebaluatzeko ahalmena ere aztertzen da. Izan ere, ELGAk nabarmendu duenez, PISA 2025ean beherakada bereziki "informazioa ebaluatzeko, hainbat iturri lotzeko eta kritikoki irakurtzeko gaitasunetan" antzeman da.
Gainera, Euskal Herrian, matematikan eta zientzietan izandako emaitzetan ere nabaritu da beherakada hori. Matematikan 460 puntu lortu dira —2022an, 482—, eta zientzietan 459 –aurreko edizioan, 480 inguru—. Hala ere, matematikan ateratako emaitza Estatuko batezbestekoaren gainetik dago; zientzietakoa, berriz, Estatuko batezbestekoaren azpitik dago.
Emaitza hauek ezagutu ondoren, Eusko Jaurlaritzak irakurmena lehentasunezko jarduera-eremu bihurtzea erabaki duela jakinarazi du. Iragarri duenez, emaitza onak ematen ari diren irakurmen-praktikak identifikatu eta ikastetxeetara zabalduko ditu; ikastetxeetako hizkuntza-proiektuak berrikusiko ditu; baliabide digitalen hezkuntza-erabilerari buruzko ebidentzia aztertuko ditu; eta 2027ko errolda-ebaluazioan neurrien bilakaera aztertuko du.