Ongi Etorri Errefuxiatuak harrera duina eskatu du 'Itsasoak dakarkiguna' performancearen bidez

Laura Fontalba Colomo

2020an egindako Itsasoak dakarkiguna performance.

Ongi Etorri Errefuxiatuak-Gobelak Getxo eta Berango arteko basoetan bizi diren gazteen etxebizitza-arazoa lehen lerrora eraman zuen, eta gazte horiek ostatu-alternatibarik gabe kanporatzea salatu zuen.

Elkartea Getxoko Portu Zaharrean elkartu zen pertsona guztiek edonora mugitzeko eta bizimodua bilatzeko duten eskubidea aldarrikatzeko; baita inguruko udalerrietan migratzaile eta errefuxiatu askok bizi duten egoera "krudela" salatzeko ere.

"Ezin gara isildu inguruko basoetan egoera txarretan bizi ari diren gazteak beren bizilekutik botatzen dituztenean; 'kalera' botatzen dira lo egiteko inolako alternatibarik eman gabe, ezta aterperik ere", adierazi zuen. Izan ere, nabarmendu zutenez, gazte horietako asko euskara eta gaztelania ikasten, lanerako trebatzen, paperak konpontzen eta euren bizimodua aurkitzen saiatzen ari dira, herriko kolektiboen eta auzokoen laguntzagaz. Horregatik, euren ustez, kalean egotea ez da "bitarteko faltaren ondorioa", baizik eta "borondate politikoa" falta dela. "Arrazakeriari aurre egin beharrean, beste alde batera begiratzea da", tamaldu zuten OEEko kideek. 

Hori dela eta, kalean bizi direnak jazartzeari edo ezkutatzeari uztea eskatu zuten, baita horiek babestea, errespetatzea eta duintasunez tratatzea ere. "Harrera egitea ez da mesedea edo komenigarritasuna: eskubideen, gizatasunaren eta oinarrizko elkartasunaren kontua da", berretsi zuten. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun