Antzezlana 3 urtetik gorako ume eta familientzat zuzendutako umorezko antzerkia izango da. Ziurtatu duten moduan: "Elkarren eskutik helduta, adin tarte batetik bestera igarotzean oldartzen diren beldurretarantz zuzenduko dugu linterna. Ikaratzera jolastuko gara eta barrez lehertuko gara!"
Antzezlana inauteri gauean gertatzen da; munstroek eta mozorroek kaleak betetzen duten gaua. Bidutzi, protagonista, berak bakarrik norbait ikaratu beharko du gaueko hamabiak jo aurretik. Baina Eureka Doktorea haren atzetik dabil, harrapatu eta aztertzeko asmoz. Ainararen laguntzagaz, Bidutzik ihes egin eta bere erronka betetzen saiatuko da, ikusleak ikaratik algarara eramango dituen abentura batean.
Estreinaldia urriaren 18an izango da Sopelako Kurtzio Kultur Etxean 18:00etan. Getxoko Muxikebarrin ere izango dira azaroaren 15ean, eta Kultur Leioan, abenduaren 26an. Baita Euskal Herriko hainbat lekuetan ere, 30 emanalditik gorako bira egingo baitute: Eibar, Elorrio, Durango, Bilbo, Zumaia, Hernani, Bermeo, Ermua edota Lezon emango dute, besteak beste.
Bidutziren zuzendari artistikoa eta testuaren egilea Patricia Urrutia da; Elena Olivierik zuzendu du, eta Josu Aguinagak soinu banda originala egin du. Oholtza gainean "eskarmentu handiko" komedian erreferentziazko hiru aktore ere egongo dira: Patricia Urrutia, Jon Zumelaga eta Juanma Rodriguez.