Bizkaidendak federazioak bultzatu du Berriro, Euskaldendakegaz elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesagaz. Plataformaren berezitasunetako bat da merkatarien beharretatik abiatu eta eurek diseinatu dutela, gertuko negozioek plataforma eta merkataritza-gune handien aurrean lehiatzeko tresna gehiago izan ditzaten.
Horretarako, establezimenduek hainbat aukera izango dituzte bezeroak berriro bueltatzera animatzeko: zorro digitalak, puntu-sistemak eta sari zein promozio pertsonalizatuak, besteak beste. Ideia ez da denda bakoitzak bere fidelizazio-sistema propioa izatea, Euskadi osoko tokiko negozioak sare berean batzea baizik. Horrela, herriko denda batean egindako erosketak gertuko merkataritzan kontsumitzen jarraitzeko pizgarri bihurtu gura dituzte.
Bost euro lehen erosketan
Plataformaren abiarazteagaz batera, bezeroentzako pizgarri bat ere prestatu dute. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 5 euroko ekarpena egingo du Berriroren bidez egindako lehen erosketan, betiere erosketa 20 eurotik gorakoa bada. Hasierako fase honetan, 8.000 euroko muga ezarri dute eskualde bakoitzeko.
Egitasmoak ez du saltokietako ohiko erosketa-prozesua ordezkatuko; horren osagarri izan gura du, bezeroen eta merkatarien arteko harremana sendotzeko. Hala, saltoki txikiek merkataritza-kate handiek aspalditik erabiltzen dituzten fidelizazio-tresnetako batzuk eskura izatea da asmoa.
Parte hartu gura duten Erandioko eta Leioako merkatariek dagoeneko eman dezakete izena Berriro-ren webgunean. Bertan, merkatariek zein bezeroek plataformaren funtzionamenduari buruzko informazioa ere kontsulta dezakete.