Bizkaiko Foru Aldundiak eta EHUk antolatutako azokak munduko hainbat lekutako landare-bildumak hurbilduko ditu Uribe Kostara. Bisitariek bost kontinenteetako espezieak ikusi eta erosteko aukera izango dute; horien artean, gure inguruan hain ezagunak ez diren arren, lorategietan eta balkoietan erraz hazi daitezkeen landareak ere egongo dira.

Landareak erostetik harago, lorezaintzaren zale eta profesionalentzako topagunea ere izango da azoka. Espezie berriak ezagutu, landareen hazkuntzari buruzko ezagutzak partekatu eta laborantza-tekniken inguruan ikasteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horrez gain, tokiko produktuak dastatu eta Arboretumeko bidezidorretan paseatzeko aukera egongo da.
Azoka 2015ean sortu zuten landare-ekoizleak eta zaleak elkartzeko asmoz, eta aurten hamargarren ediziora iritsiko da. Aukeratutako ingurunea ere ez da nolanahikoa: EHUko Arboretumak 19 hektarea ditu, eta bost kontinenteetako 450 espezie baino gehiagoko 2.300 zuhaitz inguru biltzen ditu.
Doako autobusak Leioatik eta Astrabudutik
Azokak zapatuan, urriaren 3an, 10:00etatik 19:00etara zabalduko ditu ateak; domekan, berriz, 10:00etatik 18:00etara egongo da bisitatzeko aukera. Sarrera doakoa izango da, eta Arboretumetik gertu bi aparkaleku prestatuko dituzte.
Garraio publikoan joan gura dutenentzat ere erraztasunak egongo dira. Doako autobus-zerbitzu berezia jarriko dute Leioako eta Astrabuduko metro-geltokietatik campuseraino, joan-etorriak egiteko. Leioatik lehen autobusa 09:30ean aterako da, eta 30 minuturik behin izango dira bidaiak.