Mankomunitateak gaineratu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiari batzarra egiteko eskaera "formal" bat bidali dio eskualdean eguneko zentro bat planifikatzen eta sortzen lan egiteko. Helburua adineko pertsonei eta mendekotasun-egoeran daudenei arreta ematea izango da; eta eskaera Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuak ezarritako arau-esparruan oinarrituta dagoela azaldu dute.
2024ko urriaz geroztik, Mankomunitateak kokapen posibleak aurkeztu ditu. Hasieran, Sopelako lokal bat eskaini zuten; gero, Berangon eta Gorlizen beste aukera batzuk sortu ziten; eta, aurtengo maiatzean, Gorlizko Ospitalearen esparruan kokatutako eraikin zahar bat proposatu dute.
Higiezin historiko babestu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren ondarearen parte dela, nahiz eta gaur egun Osakidetzari lagata dagoen, eta abandonatuta dagoela azaldu dute. Ospitaleko zuzendaritzagaz koordinatu ondoren, eskualdeko erakundeak Ekipamenduen Sistema Orokorraren barruan lurzatiak hirigintza-kalifikazio egokia duela azpimarratu du. Horregatik, azterketa teknikoa eta hirigintzakoa egitea, baita egin beharreko urratsak finkatzeko lan-topaketa antolatzea ere eskatu dute.
Mankomunitateko lehendakari Guruzne Carrasson Torrontegik Aldundiko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusi Jose Antonio Barañanori komunikazio bat bidali diola jakinarazi dute. Bertan, eraikina berritzearen bideragarritasunari buruzko azterketa "teknikoa, hirigintzakoa eta ondarezkoa" egin dezala, eta alde bien arteko lan-bilera bat berehala finkatzea ere eskatzen dio. Alde batetik, espedientearen "xehetasunei" heltzeko, eta, beste aldetik, "Uribe Kostako pentsiodunen kolektiboek eta gizarte-eragileek adierazitako aldarrikapenei erantzuteko".