Ernai etxebizitza duinaren alde elkarretaratu da

Laura Fontalba Colomo

© ERNAI

Atzo, Ernai 26 herritan mobilizatu zen etxebizitza duinaren alde. Etxebizitza auziari dagokionez, "benetako eta integrala den konponbide bat" eman ezean, "atzera pausorik" egingo ez dutela aldarrikatu zuten.

Elkarretaratzean, azken hamarkadetan eraiki den "eredu sozial, ekonomiko eta politikoa" jasaezina dela adierazi zuten: "Neoliberalismoak goia jo du eta orain arte ezagutu dugun mundua abiadura bizian aldatzen ari da. Gauzak horrela, kapital metaketari eusteko geroz eta herritar gehiago prekarietate gordinenera kondenatuak izaten ari gara". Ildo horretan, euren arabera, etxebizitzak "oinarrizko eskubidea" izan beharrean, negoziorako bitarteko bihurtu dute, funts-putreak eta enpresari handiak aberasteko, gainerakoak geroz eta pobreago bihurtuta; horren harira, Erandion eta Getxon gertatutako egoera "bidegabeak" salatu zituzten. 

Alde batetik, 'Los Ochos' eraikinetako auzokideen egoera salatu zuten: Mosaic funts putreak 100 familia euren etxeetatik bota gura ditu etxebizitza horiekaz negozioa egiteko. Beste alde batetik, Getxon, 2010ean, PNV eta PSEk gobernatuta, Udalak Lazora-Nestar funts putreari udalaren lursailaren azalera-eskubidea eman zion Alangosen babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. Gaur egun, etxeen konponketekaz eta kontserbazioagaz lotutako kontratu-betebeharrak ez dituela betetzen, eta bertako auzokideek ez dakitela zer gertatuko den euren alokairu-kontratuak amaitzean. Egoera horretan, Erandio zein Algortako auzokideak antolatuta eta borrokan daudela eta haiek ere ondoan egongo direla adierazi dute.

Bestalde, aldarrikatu zuten moduan, enpresa handiak ez dira etxebizitzakaz espekulatzen ari diren bakarrak, jabe txikiak ere badira: "Langile, gazte eta kolektibo zaurgarrienen kontura aberasten ari dira". Izan ere, Espainiako Estatuko hauteskundeen aurrerapenak, PP-VOX gobernu baten aukera "epe laburrean" eman daitekeen errealitate bat dela ohartarazi zuten. Hori dela eta, euren mobilizazioak etxebizitza duinaren aldeko borrokan ekarpena egiteko ez ezik, ultraeskuinaren aurkako erantzun gisa ere aurkeztea "funtsezkoa" iruditzen zaie. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun