Gorlizek klima-aldaketari begiratuko dio hitzaldi, bisita eta tailerren bidez

Izaro Garcia

Jarduerei buruzko informazio gehiago jasotzeko eta beharrezko izen-emateak egiteko, Gorlizko Turismo Bulegora jo daiteke. © GORLIZKO UDALA

Klima-aldaketaz gehiago ikasi, Uribe Kostako hegaztiak ezagutu edo Gorlizko duna petrifikatuak gertutik ikusi. Horiek dira Gorlizek "Asteklima, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea", ospatzeko prestatu dituen proposamenetako batzuk. Urriaren 16tik 25era bitartean, adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak izango dira, ingurumena zaintzearen garrantziaz hausnartzeko eta egunerokoan ohitura jasangarriagoak sustatzeko.

Asteklimaren zortzigarren edizioagaz bat egin du Gorlizko Udalak, eta klima-aldaketari ikuspegi praktiko batetik heltzeko egitaraua prestatu du. Hitzaldiak, erakusketak, bisita gidatuak eta tailerrak izango dira, herritarrek inguruko natura hobeto ezagutu eta ingurumena babesteko aukerak ezagutzeko.

Egitarauko lehen jarduera urriaren 15ean izango da, 19:00etan, Sertutxenan, Gorlizko duna petrifikatuei buruzko hitzaldiagaz. Bi egun geroago, urriaren 17an, bisita gidatua egingo dute dunetara, 10:00etan, Plentziako Itsas Estaziotik abiatuta. Parte hartzeko, Gorlizko Turismo Bulegoan eman beharko da izena.

Uribe Kostako hegaztiek ere izango dute euren tartea. Urriaren 16an, 18:30ean, inguruan bizi diren espezieak ezagutzeko hitzaldia eskainiko dute Sertutxenan. Horrez gain, urriaren 17an, 18an, 23an, 24an eta 25ean hegaztiei buruzko erakusketak bisitatu ahal izango dira bertan, Turismo Bulegoaren ordutegian.

Itsasoari begira

Urriaren 21ean, 19:00etan, Plentziako Itsas Estazioan hitzaldia eta bisita egingo dituzte, klima-aldaketaren inguruan BC3 zentroagaz elkarlanean egiten dituzten ikerketak ezagutzeko. Hurrengo egunean, urriaren 22an, Hope! Estamos a tiempo dokumental-sorta izango da ikusgai Sertutxenan, 18:30ean, munduko hainbat lekutan klima-aldaketari aurre egiteko garatzen ari diren irtenbideak erakusteko.

Aste-akabuan, berriz, tailer praktikoek hartuko dute lekukoa. Urriaren 24an eta 25ean, Ibarreta plazan, onddo funtzionalak, basaloreak, marmeladak eta sasoiko saltsak izango dituzte protagonista.

Jarduerei buruzko informazio gehiago jasotzeko eta beharrezko izen-emateak egiteko, Gorlizko Turismo Bulegora jo daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun