Justiziak EHUren alde egin du selektibitateko euskarako noten auzian

Izaro Garcia

Erabaki judizialak ondorioak izan ditzake unibertsitateko plazen banaketan.

Unibertsitatera sartzeko probetako probetako euskarako azterketaren inguruko auziak beste urrats bat egin du. Auzitegiak EHUren errekurtsoa onartu eta bertan utzi ditu ikasle batzuei euskarako nota ez zenbatzeko aukera ematen zieten kautelazko neurriak. Ebazpenaren arabera, behin-behineko neurri judizialek ezin dute ikasle batzuen aldeko pribilegiori sortu gainerakoen aurrean.

Auzia aurtengo selektibitateko euskarako azterketaren inguruan sortutako polemikaren ostean iritsi zen epaitegietara. Ikasle batzuek bide judizialera jo zuten, eta kautelazko neurriak lortu zituzten euskarako kalifikazioa unibertsitatera sartzeko notan kontuan ez hartzeko. EHUk, ordea, erabaki horien aurkako errekurtsoak aurkeztu zituen, ikasle guztiei irizpide berberak aplikatu behar zitzaizkiela defendatuta.

Orain, auzitegiak arrazoia eman dio unibertsitateari. EHUren arabera, ebazpenaren ondorioz, prozedura judizialak abiatu eta kautelazko neurriak lortu zituzten ikasleen kasuan ere euskarako kalifikazioa kontuan hartu beharko da. Unibertsitateak gogorarazi du indarrean dagoen araudiak bi hizkuntza ofizialak ebaluatzea aurreikusten duela halako autonomia-erkidegoetan, eta euskarak gainerako ikasgaien baldintza berberak izan behar dituela.

Plaza gehigarri baten etorkizuna, zalantzan

Erabaki judizialak, gainera, ondorioak izan ditzake unibertsitateko plazen banaketan. Kautelazko neurriek beste ikasleei kalterik ez eragiteko, EHUk eta Eusko Jaurlaritzak plaza gehigarriak sortzea adostu zuten, beharrezkoa izanez gero. Azkenean, bi plaza gehiago aurreikusi zituzten, baina bakarra bete zen, beste ikasleak matrikulatzeari uko egin baitzion. Orain, betetako plaza gehigarri horren egoera zalantzan geratu da.

EHUk ontzat hartu du ebazpena, eta hasieratik defendatutako jarrera indartzen duela adierazi du. Era berean, azterketak zuzendu dituzten irakasleen lana aitortu du, eta selektibitateko prozesuak beharrezko berme guztiak izan dituela berretsi du, bai zuzenketetan, bai kalifikazioak berrikusteko eta erreklamazioak aurkezteko aukeretan. Unibertsitatearen esanetan, helburua ikasle guztiek baldintza berberetan lehiatzea da, salbuespenik eta pribilegiorik gabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun