Sindikatuak zabaldutako oharraren arabera, etxebizitzaren jabeak hainbat higiezin ditu, eta otsailean Berangon desokupazio-enpresa bat kontratatu zuen pertsona bera da. Taldeak enpresa hori faxistatzat jo du, eta emakumea eta haren semea kaleratu dituztela jabeak etxebizitzagaz espekulatzen jarraitu ahal izateko salatu du.
Bestalde, Erandion beste pertsona bat Alokabideren etxebizitza batetik kaleratzeko arriskuan dagoela ohartarazi du sindikatuak. Haren arabera, martitzenerako aurreikusita zegoen etxegabetzea azken unean atzeratu zuten, azken asteetako mobilizazioek sortutako haserrearen ondorioz.
Bi kasuek etxebizitzaren inguruan dagoen arazoa agerian uzten dutela uste du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak. Haren iritziz, erakundeek hartutako neurriak ez dira nahikoak, eta arazoari aurre egiteko herritarren antolakuntza eta mobilizazioa ezinbestekoak dira.
Horregatik, etxebizitzaren egoeragatik kezkatuta dauden herritarrei zein arazo hori zuzenean bizi dutenei dei egin diete urriaren 20an, 18:00etan, Romo Kultur Etxean egingo duten asanblada irekian parte hartzeko.