Uribe Kostako musika-eskolen doinuak Urdulizko ospitalera heldu dira

Laura Fontalba Colomo

Soinuak egitasmoak ongizate emozionala eta herrien arteko harremana sustatu gura du. © OSI URIBE

Osakidetzak bultzatutako ekimenak Soinuak du izena, eta Uribe eskualdeko musika-eskoletako ikasleen aldizkako kontzertuak Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalera hurbiltzen ditu. Helburua pazienteak eta senideak zaurgarritasun-uneetan laguntzea, ospitaleko egonaldia atseginago egitea eta une batez gaixotasunetik edo tratamendutik arreta aldentzea da. 

Soinuak egitasmoa apirilean hasi zuten, flauta-emanaldi bategaz, eta urriaren 8an egin zuten aurtengo zazpigarren kontzertua. Antolatzaileek adierazi dutenez, orain arte, Getxoko Andres Isasi Musika Eskolak eta Erandioko eta Leioako musika-eskolek parte hartu dute. Hala, eskualdeko musika-eskoletako ikasleek euren doinuak ospitalera eramaten dituzte aldizka.

Egitasmoak paziente, senide eta osasun-langileen ongizate emozionala sustatu gura du, baita ospitalearen eta inguruko herrien arteko harremana sendotzea ere. Horretarako, musika-eskoletako ikasleei komunitatean parte hartzeko aukera ematen die. Maider Quintana Uribeko Erakunde Sanitario Integratuaren humanizazio-batzordeko kidearen arabera, pazienteen eta laguntzaileen erantzuna positiboa izan da; eta horrek erakusten du, zaurgarritasun-uneetan, kulturak eta arteak eragin berezia izan dezaketela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun