Acero Surf Eskolak Barinatxen jarraitzeko irtenbide bat eskatu die Getxo eta Sopelako udalei

Laura Fontalba Colomo

Acero Surf Eskola hamarkada bat baino gehiago darama Barinatxen. 

Eneko Acerok Barinatxe hondartzan 12 urtez lanean aritu den Acero Surf Eskolaren etorkizuna kolokan dagoela salatu du. Euren esanetan, Kostaldeen Legea aplikatzearen ondorioz, lan egiteko erabiltzen zuten etxola galdu dute, eta egoera horrek zalantzan jartzen du bai surf-eskolaren etorkizuna, bai hondartzan jarduten duten beste familia-negozio batzuena ere. 

Eskolak azpimarratu duenez, egoerak ez die eurei bakarrik eragiten: familia-izaerako beste surf-eskola batzuk ere egoera berean daudela, eta urteetako lana eta proiektuak jarraitzeko lekurik gabe gera daitezkeela adierazi dute. Era berean, zalantzan jarri dute zergatik aplikatzen den neurri hori Barinatxen eta ez antzeko moduan inguruko hondartzetan.

Salatu dutenez, Getxoko eta Sopelako udalek ez diete oraingoz jardueragaz jarraitzeko beste kokaleku edo alternatibarik eskaini; beraz, "kalean" geratuko direla tamaldu dute. Hala ere, ez dutela "pribilegiorik" eskatzen nabarmendu dute, baizik eta entzunak izatea, alternatiba bat izatea eta 12 urtez egiten aritu diren jardueragaz jarraitu ahal izatea. 

Azpimarratu duten moduan, surf-eskola bat ez da "etxola bat bakarrik", pertsonak,  komunitatea, oroitzapenak, ikaskuntza eta kostaldea bizitzeko modu bat ere bada. "Eskola bakoitzaren atzean familiak, bizi-proiektuak, urteetako lana eta guregaz itsasoaz gozatzen eta, batez ere, errespetatzen ikasi duten milaka pertsona daude", azpimarratu dute.

Acero Surf Eskolaren ibilbidea

Acero Surf Eskola Barinatxen sortutako proiektua da. Kepa, Iker eta Eneko Acero anaiek, euren aita Goioren laguntzagaz, urteetako surf- eta lehiaketa-esperientzia belaunaldi berriei transmititzeko jarri zuten martxan.

Eneko Acero, 1999an eta 2001ean Europako Zirkuitu Profesionaleko txapelduna, eskolaren aurpegi ezagunena da. Kepa Acero Europako 18 urtez azpiko txapelduna izan zen eta urte luzez Europako zirkuituko lehen hamar postuetan ibili zen. Iker Acero, berriz, Estatuko Ballantine’s Zirkuituko txapelduna izan zen eta Euskal Herriko Surf Federazioko zuzendari tekniko gisa aritu zen.

Acero Surf Eskolaren bidez, hamarkada bat baino gehiago daramate Barinatxen hastapenetik lehiaketa-mailara arteko surf-irakaskuntza eskaintzen. Hasieratik, talde txikiak eta arreta pertsonalizatua lehenetsi dituzte. Gaur egun, euren eskaintza oso zabala da: hastapen- eta hobekuntza-ikastaroak, klase partikularrak, lehiaketarako entrenamendua, surf-bidaiak eta taldeentzako jarduerak, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun