Uribe Kostako Mankomunitateak 'Euskaraz egingo al dugu?' kanpaina abiatu du

Laura Fontalba Colomo

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatuta, kanpainak herritarrak administrazioagaz dituzten harremanetan euskara erabiltzera animatzea du helburu. 

Ekimenaren helburua, alde batetik, administrazioagaz euskaraz egiteko aukera bermatzea; eta, beste aldetik, ahal den neurrian, euskara ohiko hizkuntza gisa erabiltzea sustatzea da. Horretarako, Mankomunitateak herritarrei lehen hitza euskaraz egiteko eta solaskideak horretarako aukera ematen duenean elkarrizketa euskaraz mantentzeko deia egin die.

Kanpaina Barrikan, Gorlizen, Lemoizen, Plentzian, Sopelan eta Urdulizen jarriko dute martxan. Mankomunitatearen ustez, euskararen normalizazioan herritarren erabilera ezinbestekoa da, eta administrazioak euskaraz aritzeko aukera eskaintzeaz gain, herritarrek aukera hori erabiltzea sustatu gura dute. Gainera, Euskara Zerbitzuak kanpainagaz euskararen erabilera sustatzeko eta euskaraz egiteko aukerak zabaltzeko duen konpromisoa berretsi du. 

Azkenik, nabarmendu dutenez, kartelen diseinua eta inprimaketa berezia izan da. Izan ere, Diseinu Grafikoko bi ikaslek sortu dituzte kartelak, eta risografia-teknikaren bidez banan-banan inprimatu dituzte; beraz, kartel bakoitza bakarra da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun