Ipuinak entzun, sehaska-kantak ikasi eta familian euskaraz gozatzeko aukera izango dute Uribe Kostako etxeko txikienek azaroan. Eskualdeko Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, udalakaz elkarlanean, Izartxo ipuinaren inguruko sei tailer antolatu ditu Barrikan, Gorlizen, Lemoizen, Plentzian, Sopelan eta Urdulizen. Saioak Gotzone Butron eta Aitziber Raya ipuinaren egileek gidatuko dituzte, eta sei urte arteko umeei eta euren familiei zuzenduta egongo dira.

Izartxo jaioberriei eta euren familiei ongietorria egiteko sortutako egitasmoa da, euskara eta irakurketa etxeko egunerokotasunera hurbiltzeko asmoz. Izan ere, umeen irakurzaletasuna pizteko bidean, helduen parte-hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu gura dute antolatzaileek. Horregatik, tailerrak ez dira umeentzako jarduera hutsak izango, familian elkarregaz gozatzeko eta ikasteko tartea baino.
Ordubeteko saioetan, Izartxo ipuina entzuteaz gain, sehaska-kanta bat ikasi, marrazki handi bat egin eta umeentzako hainbat liburu ezagutuko dituzte parte-hartzaileek. Familiek euren zalantzak partekatzeko eta irakurketaren inguruko aholkuak jasotzeko aukera ere izango dute, eta denek batera abestuz emango diote amaiera tailerrari.
Gainera, bertaratzen diren familia guztiek Izartxo ipuina eta familientzako gida eramango dituzte etxera opari. Bertan, kantak, liburu gomendagarriak eta irakurketa zein euskara etxean lantzen jarraitzeko aholkuak aurkituko dituzte.
Sei hitzordu azaroan
Tailerrak azaroaren 7tik 21era egingo dituzte. Lehenengo bi saioak hilaren 7an izango dira: 12:00etan, Urdulizko Kultur Etxean, eta 18:00etan, Lemoizko Udal Liburutegian. Hurrengo hitzordua azaroaren 14an izango da, 18:00etan, Gorlizko Sertutxenan; hilaren 18an, berriz, Barrikako Udal Liburutegiak hartuko du tailerra, ordu berean. Azken bi saioak azaroaren 21ean egingo dituzte: eguerdiko 12:00etan Plentziako Goñi Portalen eta 18:00etan Sopelako Kurtzio Kultur Etxean.
Saio bakoitzean gehienez 15 umek parte hartu ahal izango dute, familiako kide batek edo bik lagunduta. Horregatik, aurretik izena ematea beharrezkoa izango da, dagokion liburutegi edo kultur etxera telefonoz deituta, mezu elektroniko bat bidalita edo bertara joanda. Plazak izen-ematearen hurrenkeraren arabera beteko dituzte, eta lekurik gabe geratzen diren familiakaz itxarote-zerrenda osatuko dute.
Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, interesdunak udalerri bakoitzeko guneagaz jar daitezke harremanetan: Urdulizen, 946 763 631 telefonora deituta; Lemoizen, 946 879 037 zenbakira; Gorlizen, 946 774 000 zenbakira; Barrikan, 946 775 163 zenbakira; Plentzian, 946 775 541 zenbakira; eta Sopelan, 688 829 548 zenbakira.