Urtero bezala, Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuez betetako saskiak Euskal Herriko hamaika txokotara heltzeko prest daude. Errigorak urriaren 22an abiatuko du Euskarari Puzka kanpainaren edizio berria, eta azaroaren 12ra arte egongo da eskaerak egiteko aukera. Keinu erraz baten bidez, bertako produktuez gozatu eta euskararen aldeko lanean laguntzeko aukera izango dute herritarrek, saskien salmenten % 25 Ager eremuko euskalgintzara bideratuko baitute.

Auzolanean euskara, sustraitik espaziora! da aurtengo leloa. Izan ere, Errigorak argi du euskarak sustrai sendoak behar dituela hazten jarraitzeko, baina ez du horretan geratu gura. Nafarroa erdi eta hegoaldean euskarak gero eta leku handiagoa izatea du amets, eguneroko bizitzako esparru guztietara heldu arte.
Eta zer esan gura du horrek? Bada, Tuteran ogia euskaraz eskatu ahal izatea, edozein ikastetxetan euskaraz matrikulatzeko eskubidea izatea, kaleetako kartel guztiak ele biz irakurtzea edo auzokidea euskaraz agurtzean inor ez harritzea. Amets horiek errealitate bihurtzeko lanean ari dira bertako euskalgintzako eragileak, umeen hezkuntzan, helduen euskalduntzean, kaleetan, lantokietan, kirol-taldeetan eta ekoizleen eguneroko jardunean.
Bide horretan, herriz herri eta auzoz auzo osatutako elkartasun-sarea ezinbestekoa da. Horixe da Euskarari Puzka kanpainaren oinarria: Euskal Herriko txoko guztietatik indarrak batzea, Ager eremuko euskarak sustraitzen eta hazten jarrai dezan.
Hiru saski aukeran, gustu guztietarako
Aurten ere hiru saski prestatu dituzte, Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuakaz osatuta. Bakoitzak bere eskaintza eta prezioa ditu, baina hirurek helburu bera partekatzen dute; hau da, bertako ekoizpena eta euskalgintza babestea.
Saski beltzak 60 euro balio du, eta askotariko produktuak biltzen ditu: olioa, piperrak, potxak, ilarrak, zainzuriak, orburuak, kardua, mahats-zukua, ardo beltza, patxaran-mantekatuak eta teilak.
Saski berdea ekologikoa da, eta 65 euro balio du. Barruan piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, tomatea, kuia-krema, ozpina, sagar-zukua, txokopipitak eta dilista lehorrak aurkituko dituzte erosleek.
Saski gorriak, berriz, 75 euro balio du, eta honako produktuak ditu: 18 hilabetez barrikan ondutako ardo beltza, ardo zuria, olioa, piperrak, zainzuriak, turroia, patxarana, txokolatezko molineritoak, polboroiak eta ardi-gazta.
Hiru aukeretako edozein hautatuta ere, erosketaren laurdena Nafarroa erdi eta hegoaldean euskararen alde egiten den lana indartzeko erabiliko da.

Egutegi bat, Ibaialde Ikastolari laguntzeko
Aurtengo kanpainak badu berritasun berezi bat ere. Ohiko saskiez gain, Euskararen haziak ereiten egutegia eskatzeko aukera izango da, hamar euroren truke. Horietatik bost euro zuzenean Lodosako Ibaialde Ikastolara bideratuko dituzte.
Ikastolak hamarkadak daramatza Nafarroako Goi Erriberan euskararen alde lanean, baina Hezkuntza Sailaren erabakiek are gehiago zaildu dute haren bideragarritasuna. Egoera horren aurrean, Errigorak bere ekarpena egin gura izan du, egutegi berezi hau sortuta.
Gainera, ez da ohiko egutegi bat: haren orriak landatu egin daitezke. Euskararen haziak ereiteko ideia, beraz, hitzetatik harago eraman dute, Ibaialde Ikastolaren aldeko elkartasuna keinu txiki baten bidez zabaltzeko.
Nola eskatu saskia?
Euskarari Puzka kanpainan parte hartzeko, urriaren 22tik azaroaren 12ra bitartean egin ahal izango dira eskaerak. Biderik errazena errigora.eus webgunea da, eta antolatzaileek internet bidezko izen-ematea lehenetsiko dute.
Hala ere, bestelako aukera bat ere egongo da internet erabiltzeko zailtasunak dituztenentzat edo ohiko bidea nahiago dutenentzat. Kanpainako eskuorrian datorren inprimakia bete eta herriko arduradunari ematea nahikoa izango da eskaera erregistratzeko.
Saskiak azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran banatuko dituzte. Eskatzaile bakoitzak bere herrian jasoko du erositakoa, eskaera egitean aukeratutako gunean eta antolatzaileek zehaztutako egun eta ordutegian.
Sustraietatik espaziora, hamahiru urteko auzolanean
Errigoraren ibilbidea 2013an hasi zen, Nafarroan "zona no vascofona" deitzen zitzaion eremuko euskalgintzak bizi zuen egoera larriari Euskal Herri osotik erantzuteko asmoz. Orduan, han eta hemengo hainbat euskaltzalek indarrak batu eta Lekeitioko arrantzaleen kutxak Erriberako produktuez bete zituzten. Helburua ez zen produktuak banatzea bakarrik, euskal lurraldeen arteko loturak sendotu eta elkartasuna ehuntzea ere bazen.
Lehen ekimen hartatik sortu zen gaur egun ehunka euskaltzale batzen dituen sarea. Ordutik, lurra, euskara eta auzolana uztartuz, Ager eremuko euskalgintza eta lehen sektorea indartzeko lanean jarraitzen du Errigorak.
Ibilbide hori gertutik ezagutzeko aukera ere izango da aurtengo kanpainan. Sustraitik Espaziora dokumentala eskainiko dute Euskal Herriko hamarnaka herri eta auzotan, urriaren 22tik azaroaren 12ra bitartean. Emanaldien inguruko xehetasunak Errigoraren sare sozialetan kontsultatu ahal izango dira.
Aurten ere, saski bakoitzaren atzean produktuak baino gehiago dago: bertako ekoizleen lana, euskalgintzaren ahalegina eta auzolanean ehundutako elkartasun-sarea. Ekarpen txiki bakoitzak helburu bera du, euskarak Nafarroa erdi eta hegoaldean sustraiak sendotu zein gero eta leku gehiago har dezan. Izan ere, auzolanean ereindako haziek ematen dituzte fruiturik ederrenak.