Itsasadarreko azpiko tunela geldiarazteko manifestazioa egingo dute zapatuan, Areetan

Plataformak herritarrei zapatuan Areetan egingo den manifestazioagaz bat egiteko deia luzatu die.

Subflubiala EZ! plataformak urriaren 24rako mobilizazioa deitu du, itsasadarraren azpiko autobidearen proiektua bertan behera uztea eskatzeko. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Areetako Xake plazatik. Plataformak Bizkaiko Foru Aldundiak obrak aurrera eramateko erabakiak hartzen jarrraitzen duela salatu du, proiektuaren inguruko zalantzak eta auzitegietan irekitako errekurtsoak gorabehera.  

Mobilizazioaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiari proiektua behin betiko geldiarazteko eskatu gura diote, azpiegiturak inguruko auzoetan eta ingurumenaren izango lituzkeen ondorioez ohartarazita.

Plataformak Aldundiak proiektuagaz aurrera jarraitzeko asmoari eusten diola salatu.  Haren arabera, aste honetan bertan hasi dira Sestaoko Galindo auzoan lurra zulatzen, itsasadarraren beste aldean obrei nola ekin argitu barik dagoela adierazi duten. arren. Egoera horren aurrean, lanak abiatzeko presa kritikatu dute: "Ziurgabetasuna erabatekoa da eta dena kaotikoa da, baina haientzat garrantzitsuena kontratuak dagoeneko esleitu direla eta 500 milioi eurotik gorako diru publikoaren harrapakina banatu egin dela".

Era berean, plataformaren iritziz, administrazioa "egitate burutuak" ezartzen saiatzen ari da, auzitegietan oraindik irekita dauden errekurtsoak alde batera utzita. Salatu dutenez, obren ondorioak inguruko bizilagunek jasango dituzte, bereziki Pinueta, Erromo, Galindo eta San Gabriel auzoetakoek. "Badakite beren arduragabekeriaren ondorioak beste batzuek jasango dituztela: bibrazioak, kamioiak eta hautsa langileen auzoek irentsiko dituzte", adierazi dute.

Artaza-Erromo institutuko egoeragaz kezkatuta

Plataformak arreta berezia jarri du Artaza-Romo institutuan eta inguruko ikastetxeetan obrek izan dezaketen eraginean. Ohartarazid utenez, leherketek, zaratak, bibrazioek eta esekidura-hautsak kalte egin diezaiekete ikasleen eta irakasleen osasunari eta ongizateari, baita eguneroko eskola-jarduerari ere. 

Horregaz batera, Aldundiak Kalitate Akustikoko Helburuak bertan behera uztea erabaki duela obrek iraungo luketen sei urteetarako salatu dute.

Ingurumenaren gaineko ondorioen aurka

Ingurumenari dagokionez, Subflubiala EZ! plataformak azpiegiturak egunero 11.000 auto gehiago sartuko lituzkeela errepideetan, eta horrek kutsadura areagotuko lukeela ohartarazi du. Larrialdi klimatikoaren testuinguruan, garraio pribatuaren aldeko apustu hori zalantzan jarri dute, bero-boladen ondorioak bereziki herritar zaurgarrienek pairatzen dituztela gogorarazita.

Proiektuak Artaza parkean izango lukeen eragina ere nabarmendu dute. Leioa eta Getxo arteko berdegune hori aisialdirako gunea izateaz gain, tenperatura altuen aurrean babesleku klimatiko naturala dela azpimarratu dute. Era berean, Ballonti ibaiaren ingurua eta arrain arantzadunaren habitata arriskuan jarriko liratekeela salatu dute.

Plataformaren ustez, eztabaida ez da azpiegitura jakin batera mugatzen: "Ez da tunel bat bakarrik, gizarte eredua da". Horren aurrean, autobiderako aurreikusitako 500 milioi eurotik gorako inbertsioa garraio publikoa indartzera bideratzea eskatu dute.

Horiek horrela, herritarrei zapatuan Areetan egingo den manifestazioagaz bat egiteko deia luzatu diete. Urdaibaiko mobilizazioak gogora ekarrita, herritarren parte-hartzeak eta presio sozialak proiektua geldiarazteko duten garrantzia azpimarratu dute: "Oraindik garaiz gaude geldiarazteko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun