itsasadarraren azpiko tunela

Ehunka lagun mobilizatu dira ibaipeko autobidearen aurka

Hodei Torres · Izaro Garcia

Subflubiala EZ! plataformak deituta, ehunka pertsonak parte hartu zuten zapatuan, urriaren 24an, Itzubaltzeta/Romon egindako manifestazioan. Proiektua bertan behera uzteko eta aurreikusitako 500 milioi eurotik gorako inbertsioa garraio publikoa hobetzeko erabiltzeko eskatu zuten. Horrez gain, Artatza parkea babesteko kanpaldia iragarri dute.

Subflubiala EZ! plataformak deitutako manifestazioak ehunka lagun bildu zituen Itzubaltzeta/Romon, proiektua geldiaraztea eskatzeko. Mobilizazioa Artaza parkean amaitu zen, eta bertan azpiegiturak inguruko auzoetan zein ingurumenean izango lituzkeen ondorioak salatu zituzten.

Protesta obrak hasi diren aste berean egin zuten. Izan ere, plataformak jakinarazi duenez, Sestaoko Galindo auzoan lurra zulatzen hasi dira dagoeneko, Bizkaiko Foru Aldundiak tunelaren eskuinaldeko sarrera nolakoa izango den oraindik zehaztu ez duen arren. Egoera horren aurrean, proiektuaren inguruko "ziurgabetasuna erabatekoa" dela salatu dute, bereziki etorkizuneko obretatik metro gutxira dagoen Artaza-Romo institutuan.

Plataformako bozeramaileek gogorarazi dute azpiegituraren aurka egoteko arrazoi nagusiak haren ondorio sozialak eta ekologikoak direla. Haien arabera, autobideak egunero 11.000 auto gehiago ekarriko lituzke errepideetara, eta horrek kutsadura areagotuko luke. Era berean, obrek eragingo lituzketen leherketek, zaratak eta bestelako eragozpenek inguruko ikastetxeetako jarduera oztopatuko luketela ohartarazi dute.

Kalte horiek, gainera, ez lirateke modu berean banatuko. Plataformaren ustez, Pinueta, Erromo, Galindo eta San Gabriel auzoetako bizilagunek jasango lituzkete ondorio handienak. Horregaz batera, EAJk eta PSE-EEk gobernatutako Foru Aldundiak proiektuan 500 milioi euro baino gehiago inbertitu gura izatea kritikatu dute. Diru hori garraio publikoa indartzeko erabiltzea eskatu dute, eta inbertsioa "alderdien kideko enpresa eraikitzaileetara" bideratzea leporatu diote erakundeari.

Artaza parkea defendatzeko kanpaldia

Ingurumenaren gaineko eraginak ere izan ziren mobilizazioko aldarrikapen nagusietako bat. Plataformak proiektuak Artatza parkea eta Ballonti ibaiaren ingurua kaltetuko lituzkeela salatu du, eta klima-larrialdiaren testuinguruan berdeguneak babestearen garrantzia azpimarratu du.

Parkearen kasuan, aisialdirako gunea izateaz gain babesleku klimatiko naturala ere badela bereziki nabarmendu dute. Plataformaren arabera, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostenak berak aurreikusten du autoaren erabilera handitzea eta, ondorioz, berotegi-efektuko gasen isuriak areagotzea.

"Klima-aldaketak herri-klaseak kolpatzen ditu gehien, eta, gainera, biztanle horiek garraio publiko eskas eta gutxiegi finantzatuaren menpe daude", adierazi dute. Horregatik, azpiegitura horren inguruko eztabaida tunel bat eraikitzetik harago doala uste dute, mugikortasun-eredu osoa zalantzan jartzen duelako.

Parkearen defentsan beste urrats bat emateko asmoa ere iragarri dute; hau da, plataformako kide bat Artatzako zuhaitz batera igoko da, eta obrak gelditu arte bertan jarraitzeko asmoa du. Haren aldeko elkartasuna adierazteko eta berdegunea babesteko, kanpaldia ere deitu dute.

"Aski da gutxiengo baten interes ekonomikoei soilik erantzuten dieten makroproiektu inposatuekin; mugikortasun-sistema eraldatu nahi dugu, gehiengoaren beharretara egokitu dadin", aldarrikatu dute plataformako kideek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun