Sakonean

Heriotzari begietara begiratuz

Izaro Garcia Velasco

Heriotza bizitzaren beste etapa bat baino ez da.

Bizitzaren amaieran, gaixotasunak ez ditu gainerako kezkak desagerrarazten: hor jarraitzen dute harremanek, egiteke utzitakoek eta norberaren nahiek. Aringarrietatik azken agurra prestatzen den gelara, mediku batek, laguntzaile espiritual batek eta hileta-zerbitzuetako langile batek gutxitan aipatzen dena kontatu dute, ahotsa jaitsi gabe. Azken unera arte, eta ondoren ere bai, pertsona dago erdigunean.

Lehen galdera ahopean egin nuen. "Zainketa aringarrietako medikua zara, ezta?". Ahotsa jaitsi egin zitzaidan, konturatu gabe, eta Diana Mendoza ohartu egin zen. Ez zegoen galdetu beharrik, horrenbestez, heriotza oraindik tabua ote den.

"Sineskeria orokor moduko bat dago: heriotzaz maiz hitz eginez gero, askok hura erakartzen zabiltzala diote", dio. Berak etxekoei askotan galdetzen die euren gorpua non lurperatu gura duten, eta batzuek ez dute gaiaz hitz egin gura izaten.

Carmen Lopezentzat mito hutsa da hori. Laguntzaile espirituala da Gorlizko eta Urdulizko ospitaleetan, eta oso kritikoa da horregaz: "Heriotzaz hitz egiteagatik ez zara hilko. Hil, hilko gara, bai ala bai". Umeakaz hasten omen da isiltasuna: "Arrain bat hiltzen da eta kontatu ere ez dugu egiten; beste bat erosten dugu, umea kontura ez dadin".

Hirugarren solairua, itsasoari begira

Mendoza Sevillakoa da, barne-medikuntzako espezialista, eta duela 16 bat urte iritsi zen Bizkaira. Pandemiaren ondoren medikuntza uztea ere pentsatu zuen; Gorlizko ospitalera joan zen "probatzera", eta sei urte daramatza zainketa aringarrien unitatean, itsasoari begira dagoen hirugarren solairuan: "Ezinezkoa zait hemendik joatea, oso gustura nago".

"Bizitzaren zati bat atseginago egiten saiatzen gara; bizitzaren beste zati bat baino ez da, zati normal bat; bizi-zikloaren itxiera"

Diana Mendoza, barne-medikuntzako espezialista

Ez dira denak bertara hiltzera iristen: batzuk kimioterapiaren ondoren suspertzera datoz, beste batzuk gaixotasun kronikoak dituzten adinekoak dira. Guztiek dute zerbait komunean; hau da, tratamenduaren helburua ez da sendatzea, sintomak arintzea baizik. Medikuak honela ikusten du bere lana: "Bizitzaren zati bat atseginago egiten saiatzen gara; bizitzaren beste zati bat baino ez da, zati normal bat; bizi-zikloaren itxiera".

Mina

Gainerako medikuntzan, medikuak daki zer behar duzun sendatzeko. Hemen pertsona bakoitzari galdetu behar zaio zer behar duen. "Batzuetan mina kentzea behar du. Baina beste batzuetan notario bat behar du, larritasun izugarria duelako pisua seme-alaben izenean jartzea lortu ez duelako", azaldu du Mendozak. "Beste batzuetan, hitz egiten ez dion norbaitez agurtzea behar du; duela 20 urtetik hitz egiten ez dion seme batez". Horrek, askotan, gaixotasunak berak baino min handiagoa eman dezake.

Carmen Lopezek "espiritualtasuna" deitzen dio horri guztiari, baina ez du erlijioagaz nahastu gura: "Hori ez da erlijio bat, bizitza ulertzeko modu bat baizik". Azken uneetan pertsonak bere bizitzak merezi izan duela sentitu behar duela dio, "zerbait" utzi duela, eta sarri, norbaitegaz adiskidetu edo errua gainetik kendu. Baina hori guztiaren gainetik, behar bat dute: "Maitatu dezakeen eta maitatua izan daitekeen pertsona izaten jarraitu ahal izatea".

Bere lana, askotan, egotea da, eta entzuten duena ez epaitzea. Batzuek ez dute pausorik ematen; Mendozak ere "haserre hiltzen den jendea" ikusi du. Eta badira bakarrik hiltzen direnak. Lopezek behin baino gehiagotan aurretik ezagutzen ez zuen norbait lagundu du, jada sedatuta: "Hor zaude, zu bakarrik, batere ezagutzen ez duzun pertsona horregaz. Baina hor zaude. Beste inor ez duelako".

Sedazioa ez da eutanasia

Diana Mendozak sarri entzuten du nahasketa hori ospitaleko geletan. Sedazioak pertsona lokartu egiten du, minik edo ezinegonik senti ez dezan, baina gorputzak bere erritmoan jarraitzen du: "Ez du heriotza eragiten, ezta hura azkartzen ere". Gainera, ez da beti beharrezkoa: "Heriotza asko, berez, lasaiak dira".

Denek dakite, inork ez du esaten

Familia izaten da batzuetan korapilatsuena. Lopezek "isiltasun-ituna" aipatu du: "Azkenean mundu guztiak daki hil egingo dela, norberak ere badaki, baina inork ez du hitz egiten". Eta hala galtzen da agurtzeko aukera; "maite zaitut" esatekoa, barkamena eskatzekoa.

Horregatik, unitateko lanaren zati handi bat familiakaz biltzea da; hots, hitz egin eta azaldu. Eta askotan galderak errepikatu egiten dira: min ematen du? Sedazioa jarri behar da beti? Ez. "Gizateriaren historia osoan hil izan gara, eta animalia guztiak ere bai, sedaziorik gabe", gogorarazi du medikuak. Sedazioak sintoma gogaikarriak arintzen baino ez ditu; hots, pertsona lokartu egiten du, eta gorputzak funtzionatzen jarraitu dezake hainbat egunez: "Gogorra da, baina sedazioak heriotza eragiten ez duelako froga da".

Itxaronaldi hori da senideei gehien kostatzen zaiena. Jaiotzeko bezala, hiltzeko ere denbora behar dela dio Lopezek: "Gustatuko litzaiguke pim-pam-pum izatea, baina batzuetan ez da horrela. Gorputzak deskonektatu egin behar du". Eta presa duenari, garbi: "Pim-pam horrek hilketa du izena".

Egunero halako egoerak bizitzeak langileengan ere badu eragina, eta Gorlizko taldeak astean behin psikologoagaz elkartzeko aukera zuen, bizitakoa partekatu eta barrua husteko. Psikologo faltagatik, ordea, saio horiek bertan behera gelditu dira: "Psikologo gehiago behar ditugu, mesedez".

Zaintzen dutenak, nork zaindu?

Bi urtez, Gorlizko unitateko langile guztiak astean behin psikologo bategaz elkartzen ziren: medikuak, erizainak, laguntzaileak eta gura zuen zeladorea. Astean hunkitu zituen kasuez hitz egiten zuten, edo familiaren bategaz izandako zailtasunez. Psikologoak amatasun-baimena hartu zuenean, ordea, saioak eten egin ziren, ordezkorik ez zegoelako. Beharra, ordea, bertan darrai: "Psikologo gehiago behar dira, pazienteentzat eta haiek zaintzen dituztenentzat". 

Ostean, zer?

Bihotza gelditu eta pertsonak arnasa hartzeari uzten dionean, familiak agurtzeko tartea du oraindik. Ondoren, gertatutakoa barneratzeko astirik ia izan barik, azken agurra nolakoa izango den erabakitzen hasi behar dute.

Beste aldean Iñaki Eizaguirre egon daiteke. Txapel esaten diote denek. Ia hiru hamarkada daramatza lanean, 1997an bazkide bategaz funeraria bat sortu zuenetik. Egun, senideakaz esertzen da agurra antolatzeko: erraustu ala lurperatu gura duten edo ekitaldi erlijiosoa ala zibila egin gura duten galdetzen die. Badaki informazio asko jasotzen dutela oso denbora gutxian, eta azalpenak behar beste aldiz ematen saiatzen da, galdetzeko konfiantza izan dezaten. Izan ere, "enpatikoa izatea funtsezkoa da lanbide honetan".

Senideakaz egoteaz gain, hildakoak prestatzen ere aritu da urteotan, tanatopraktore gisa. Familiak ikusten ez duen gela horretan, gorputza prestatu eta kontserbatzeko neurriak hartzen dituzte: likidoak ateratzea saihestu, ahoa itxi eta itxura zaindu, besteak beste. Horretarako, ordea, pertsona hura nolakoa zen jakitea ere behar dute. Ospitalean utzitako bizarraren atzean, esaterako, egunero bizarra kentzen zuen gizon bat egon daiteke.

"Agurtzeko astia dagoenean, ‘maite zaitut’ esateko, norbere burua barkatzeko, bestea barkatzeko, barkamena eskatzeko... Zer hoberik hori egin ahal izatea baino?"

Carmen Lopez, laguntzaile espirituala

Makillajeagaz eta orrazkeragaz ere berdin gertatzen da. Ezpainak beti kolore jakin batez margotzen zituen emakumearen kasuan, xehetasun hori errespetatzen saiatzen dira, eta familiak emandako argazkiek lagundu dezakete, gaztetako edo gaixotu aurreko irudia beti berreskuratu ezin den arren. Urteetako lanaren artean, Txapelek gogoan du gaixotasunak itxura oso hondatuta utzitako emakume bat, senarrak perfektu gelditzea gura zuena. Lankideen artean aritu ziren prestatzen, eta bururako zapi bat ekartzeko ere eskatu zioten senarrari: "Oso lan gogorra izan zen, baina merezi zuen azken agurra eman nahi genion". Ordutik, lanbidea naturaltasunez bizi izan du etxean ere, seme-alabei zertan aritzen den ezkutatu gabe.

Bizitzea bezain naturala

Lan horretan agurtzeko modua nola aldatu den ikusi ahal izan du: "Duela hogeita hamar urte hileta guztiak erlijiosoak ziren, eta dirutza uzten zen loreetan eta hilkutxetan. Gaur egun, ordea, errausketak askoz gehiago dira", eta askok ez dute ezer gura. Eskaintza, aldiz, hazi egin da: uretan disolbatzen diren kutxatilak, errautsentzako zintzilikarioak edo diamanteak. Berari ere arraro egiten zaio: "Azkenean pipak eta kakahueteak saltzen ari zarela ematen du".

Horregatik aspaldi kontrako bidea hartu zuen familia bat gogoan geratu zaio, Bermeo aldeakoak zirenak. Ez zuten arroparik gura izan, ezta gorpua prestatzerik ere. "Honek naturala izan behar du, honek sinplea izan behar du, bizitza bezala", esan zioten. Gorpua maindira zuri batean bildu zuten, eta kito. Txapelentzat, hor dago gakoa: "Azkenean, heriotza bizitza bezain naturala da, ezta? Bizitzaren beste parte bat baino ez da".

Heriotzaz hitz egiteko kafea

Carmen Lopezek Death Café-ak gomendatzen ditu, heriotzaz lasai eta taburik gabe hitz egiteko. Izan ere, horretarako sortutako topaketak dira. Bertara, askotan, beldurrek edo kezkek bultzatuta joaten da jendea; baina gaiaz hitz egiten hasi ahala, beldur hori arinduz doa.

"Zergatik itxaroten dugu?"

Eta gero, zer? Hiruretako inork ez du jakintzat ematen. Carmen Lopezentzat "misterio bat" da. Txapelek, berriz, ez du heriotzan sinesten: "Nik ez dut zuhaitz hilik ikusi. Lehortu egiten da, erori, belarrak hostoak xurgatzen ditu eta beste zerbait hazten da berriz. Aldaketa bat da".

Heriotzaren ondoan lan egiteak, ordea, bizitzeko modua aldatu die. Diana Mendozak ez du ezer uzten "erretiroa hartzen dudanerako", jende asko ikusi baitu erretiroa hartu berritan hiltzen. Baita gazteagoak ere: iaz bere adin berdineko emakume bat hil zen bere ardurapean, ume txikiak zituena: "Hori berari gertatu bazaio, niri ere gerta dakidake". Geroztik galdera berdina egiten dio bere buruari: "Zergatik itxaroten dugu, bizitza ziurtatuta ez badaukagu?".

Lopezek gauza bera ikasi du gaixoen ondoan: "Badakigu hilko garela, baina inoiz hilko ez bagina bezala bizi gara". Eta geroko uzten duguna ez da beti bidaia bat: "Ezin duzu barkamena eskatzea edo barkatzea geroko utzi, bihar agian ez zaudelako".

Horregatik heriotzaz hitz egiten du, asko, seme-alaba eta lagunakaz. Ez minik ematen ez duelako, hitz egiteak beldurra kentzen duelako baizik. Eta heriotza aipatzeak heriotza erakartzen duela uste dutenentzat, bere burua du froga gisa: "Asko hitz egiten dut horren inguruan, eta hemen nago oraindik".

Ez dago ahotsa jaitsi beharrik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun