Iktus bat izan ondoren, ospitaleko errehabilitazioa amaitzeak ez du esan gura suspertze-prozesua bukatu denik. Pertsona askok mugitzeko zailtasunak izaten jarraitzen dute, eta eguneroko bizimodura itzultzea ez da beti erraza izaten. Horregatik, Gorlizko Ospitaleak eta Getxo Kirolakek indarrak batu dituzte, pazienteek ospitaletik kanpo ere ariketa fisikoa egiten jarraitzeko aukera izan dezaten.
Elkarlan horretatik sortu da ariketa fisiko gainbegiratuko programa pilotua. Guztira, gehienez 24 pertsonek hartuko dute parte, eta 12 astez taldeko saioak egingo dituzte Gobelako kirol-instalazioetan. Ariketak bakoitzaren beharretara egokituko dituzte, eta Gorlizko Ospitaleko profesionalek aukeratuko dituzte parte-hartzaileak.
Aitziber Zalbidek azaldu duenez, ekimenaren helburua "iktusa izan duten pertsonen errehabilitazio espezializatuaren eta komunitateko parte-hartzearen arteko trantsizioa erraztea" da. Izan ere, ospitalean egindako lana ez galtzea eta pazienteek euren egunerokoan aktibo jarraitzea gura dute. Horretarako, taldean eta modu seguruan egingo dute ariketa fisikoa, bizi-kalitatea hobetzeko eta ohitura osasungarriak hartzeko.

Programa iktus iskemikoa edo hemorragikoa izan duten helduei zuzenduta dago, betiere errehabilitazio-prozesu nagusia Gorlizko Ospitalean amaitu badute. Bereziki, mugitzeko zailtasun arinak edo ertainak dituzten pertsonentzat pentsatuta dago, taldeko jardueretan segurtasunez parte hartu ahal izateko.
Ospitaleko lanari jarraipena emateko
Iktusaren ondorioak askotarikoak izan daitezke. Batzuek oreka galtzen dute, beste batzuek indarra edo mugikortasuna, eta eguneroko zeregin errazak ere zaildu egin daitezke. Gainera, ospitaleko errehabilitazioa amaitutakoan, ohikoa izan daiteke ariketa fisikoa gutxitzea, eta horrek ordura arte lortutako aurrerapenak galtzeko arriskua dakar.
Hori saihestea da programaren asmoetako bat. Ariketen bidez, parte-hartzaileen indarra, oreka eta mugikortasuna landuko dituzte, baina ez hori bakarrik. Norberarenganako konfiantza berreskuratzea, beste pertsona batzuekaz harremanak egitea eta eguneroko bizimoduan autonomia handiagoa izatea ere bilatzen dute.
Oraingoz, hiru hilabeteko proba izango da. Zalbidek azaldu duenez, denbora horretan programaren "bideragarritasuna, segurtasuna, atxikimendua eta onarpena" aztertuko dituzte. Beste era batera esanda, jarduerak pazienteentzat egokiak diren, segurtasunez egin daitezkeen eta parte-hartzaileek programari jarraipena ematen dioten ikusi gura dute.
Horrez gain, ariketa fisikoaren onura handiena zein pazienteek jasotzen duten aztertuko dute. Emaitzak onak badira, antzeko programak beste talde batzuetara zabaltzeko aukera egongo litzateke, baita etorkizunean komunitateko osasun-zerbitzuen barruan eskaintzekoa ere.
Iktusaren ondorioei aurre egiteko beste pauso bat
Ekimenaren berri Iktusaren Munduko Egunean eman dute, gaur, urriaren 29an. Osakidetzaren datuen arabera, iaz ia 6.900 iktus-kasu artatu zituzten Euskadin, horietatik 3.500 baino gehiago Bizkaian. Gainera, pazienteen erdiak baino gehiagok 75 urte baino gehiago zituzten.
Iktusa helduen artean desgaitasuna eragiten duten arrazoi nagusietako bat da. Egun, gero eta pertsona gehiagok gainditzen dute, baina askok ondorio fisiko, kognitibo edo emozionalakaz jarraitzen dute bizitzen.
Horregatik, Gorlizko Ospitaleak eta Getxo Kirolakek martxan jarritako programak ospitaleko tratamenduaren eta eguneroko bizitzaren arteko tarte horretan lagundu gura du. Helburua ez da soilik pazienteek ariketa fisikoa egitea, euren autonomia berreskuratzen eta bizimodu aktiboagoa izaten laguntzea baizik.