Iritzia

Etxebizitza eskubidearen aldeko grebari buruz: Uribe Kostan ere, negozioa sobera

Uribe Kostako Jauzi Ekosoziala

Azaroaren 11n, Jauzi Ekosozialeko Uribe Kostako kideok etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrera joango gara. Argi dugu zein den arazoaren muina, etxebizitza negozio bat delako dago krisian: merkatuaren legeek gobernatzen dute, eta ez beharretan eta nahikotasunean oinarritutako planifikazioak.

Datuek argi erakusten dute. Euskal Autonomia Erkidegoan lanaren errentak % 12 baino ez da igo 20 urteetan, KPIa kenduta. Alokairuetatik datorren errentak, berriz, % 93. Uribe Kostan are nabarmenagoa da. Getxon, alokairu-kontratu berrien prezioa % 42 igo da 2016tik, eta 1.121 €-koa da gaur egun. Urdulizen % 49 igo da. Langileen soldatak ia geldi dauden bitartean, etxebizitza inbertsio seguru eta gero eta errentagarriagoa bihurtu da.

Uribe Kostak ondo ezagutzen du eredu hori. Hamarkadetan zehar hedapen-hirigintza bultzatu da eskualdean: txaletak eta urbanizazio itxiak, autoaren menpe dauden auzoak, baserri lurrak eta mendi magalak irentsi dituzten exekuzio urbanisrtikoak. Eredu bidegabea da, bai mugikortasunari dagokionez, bai bizi garen lekuarekin eta naturarekin dugun bizikidetzari dagokionez.

Eredu horrek gainera ez du etenik izan. 2000ko hamarkadan, Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialak (2006) etxebizitza-garapen berriak aurreikusi zituen Uribe Kosta osoan, dentsitate handiko bizitegi lurzoru gisa: Azkorritik eta Andra Maritik Berango eta Sopela arteko lurretaraino. Getxon, 8.000 etxebizitza iragarri ziren Andra Marirako, pinudi, baratze eta baserri artean. 3.000 lagunetik gora atera ziren kalera, eta herri-mugimenduak plana geldiaraztea lortu zuen. Gaur, HAPO berriak 4.000 etxebizitza inguru aurreikusten ditu, gehienak berriro ere Andra Marin eta Salsidualden. Ehun futbol zelairen pareko lurzorua artifizializatuko litzateke, udalerriaren % 6,5. Milaka herritar atera dira berriro kalera eta ia 2.000 alegazio aurkeztu dira. Berangon, 2006ko planak garapen-eremu gisa markatu zituen Otxantegiko lurrak. Orain herri lurrak hustu dituzte bertan, 8 hektarea baino gehiagoko lur emankorretan 500 etxebizitza inguru eraikitzeko. Berangoko hirigintza-planak 2.300 etxebizitza berri baino gehiago aurreikusten ditu oraindik, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek onartzen dutenaren ia bikoitza.

Orain, etxebizitza falta delako aitzakiarekin, hedapen-eredu bera saldu nahi digute berriro. Baina gure eskualdean ere etxeak badaude. Getxon, Eusko Jaurlaritzaren arabera, 888 etxebizitza daude bi urte baino gehiago hutsik. Udalak berak 2.600 etxebizitza identifikatu ditu, inor erroldatuta ez dutenak. Eskualdean 400 etxebizitza turistiko baino gehiago daude erregistratuta. Bitartean, Getxon 7.700 bizikidetza-unitatek eskatzen dute babes ofizialeko etxebizitza, eta azken promozio publikoek 180 etxe baino ez dituzte eskaintzen. Dagoena mugiarazi eta birgaitu beharrean, lurraldea eta natura suntsitzen jarraitzea aldarrikatzen da. Horrek ez du etxebizitza eskuragarriago egiten, eraikuntzaren errentagarritasuna areagozten du. Irabazia pribatizatzen da, eta kostu sozial zein ekologikoa, guztion artean ordaintzen
dugu.

Horregatik, hedatu beharrean, planifikatu egin behar da, beharretatik eta nahikotasunetik abiatuta. Uribe Kostako beharrak eta erabilgarri dauden etxebizitzak aztertu behar dira, eta hortik erabaki zenbat, non eta nolakoak eraiki behar diren, edo nahikoa ote den dagoena birgaitu eta mugiaraztearekin. Lehenik dagoena erabili, gero birgaitu, eta behar den lekuan bakarrik eraiki, publikoa eta betirako. Erabaki horiek herritarrekin hartu behar dira, ez sustatzaile eta lur jabe handiekin.

Neurri zehatzak gaur bertan har daitezke: etxebizitza hutsak mugiaraztea, legeak ahalbidetzen dituen kanon eta zergak aplikatuz eta jabe handiei derrigorrezko alokairua ezarriz; dagoen parkea birgaitzea, lurzoru berririk okupatu gabe; alokairuen prezioak mugatzea eta pisu turistikoak murriztea; eta etxebizitza-parke publikoa zabaltzea.

Merkatuak ez dio etxea behar duenari ematen, ordain dezakeenari baizik. Horregatik, antolatu eta borrokatu behar dugu. Azaroaren 11n greba egingo dugu: etxebizitza eskubide bat delako, eta Uribe Kosta ez dagoelako salgai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun