Maputxeri babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Artatza parkean

Maputxek Artatza parkeko zuhaitzean darrai proiektua bertan behera utzi arte.

Subflubiala Ez plataformak elkarretaratzea egin zuen atzo, azaroaren 8an, Artatza parkean, duela bi aste zuhaitz batera igo zen Maputxe ekintzaile ekologistari babesa adierazteko. Aktibistak 15 egun daramatza bertan, itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua salatzeko, eta iragarri du ez dela jaitsiko egitasmoa bertan behera utzi arte.

Hamabost egun bete ditu Maputxe ekintzaile ekologistak Artatza parkeko zuhaitz batean igota, eta bertan jarraitzen du, itsasadarraren azpiko tunelaren aurkako protesta gisa. Urriaren 24an igo zen zuhaitzera, ‘Subflubialaren’ aurkako manifestazio jendetsua egin zuten egun berean, eta ordutik proiektua bertan behera uzteko aldarrikapenari eutsi dio.

Atzo, azaroaren 8an, Subflubiala Ez plataformako kideak parkera hurbildu ziren, ekintzaileari babesa erakusteko eta azpiegituraren aurkako jarrera berresteko.

Plataformak urteak daramatza proiektua salatzen, eta tunelak ingurumenarentzat eta inguruko herritarrentzat ondorio larriak izan ditzakeela ohartarazi du. Taldearen arabera, azpiegiturak egunero 11.000 auto gehiago ekarriko lituzke errepideetara, kutsadura handituz eta larrialdi klimatikoa areagotuz.

Horrez gain, Artatza parkearen etorkizunagatik kezkatuta agertu dira. Leioa eta Getxo arteko berdegune garrantzitsuenetako bat dela azpimarratu dute, herritarrentzako aisialdirako gunea eta tenperatura altuen aurrean babesleku naturala. Plataformaren esanetan, proiektuak parkean kalte handiak eragingo lituzke, baita Ballonti ibaiaren inguruan ere, bertan bizi den arrain arantzadunaren habitata arriskuan jarriz.

Inguruko ikastetxeetan eragina

Subflubiala Ez plataformaren kezka nagusietako bat obrek inguruko ikastetxeetan izan dezaketen eragina da, bereziki Artatza-Romo institutuan. Salatu dutenez, lanek eragingo lituzketen leherketek, zaratak, bibrazioek eta esekidura-hautsak ikasleen eta irakasleen osasunari eta ongizateari kalte egin liezaiekete.

Era berean, plataformak Bizkaiko Foru Aldundiak obrek iraun bitartean kalitate akustikoko helburuak etetea erabaki izana kritikatu du.

Egoera horren aurrean, proiekturako aurreikusitako 500 milioi euroak garraio publikoa indartzera bideratzeko eskatu dute. Plataform aren ustez, mugikortasunaren beharrei erantzuteko beste eredu baten alde egin beharko litzateke, errepide berriak eraiki beharrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun