Bankuak 200 milioi eurorainoko kreditua onartu zuen 2023an, eta orain Interbiak-ek emandako dokumentazioa aztertuko du, baita proiektuan gerora egindako aldaketak ere. Zehazki, Interbiak-ek bankuari proiektuaren ingurumen- eta gizarte-ondorioak behar bezala aztertzeko informazio osoa eta eguneratua eman ote zion argitu gura dute. Erabakia EIBren Erreklamazio Mekanismoak urriaren 27an argitaratutako txostenean jaso dute.
Izan ere, Europako Inbertsio Bankuak 200 milioi eurorainoko kreditua onartu zuen 2023ko azaroan, tunelaren eraikuntza finantzatzeko. Ordutik, ordea, proiektuan hainbat aldaketa egin dituzte, eta bankuak horien berri behar bezala izan ote zuen aztertuko dute.
Zer ikertuko dute?
Ikerketak lau gai nagusi izango ditu ardatz. Batetik, finantzaketa onartu aurretik bankuak ingurumen-arriskuak ebaluatzeko informazio nahikoa izan ote zuen aztertuko dute. Bestetik, tunelaren ahoetan aurreikusitako kutsadura atmosferikoari erreparatuko diote, bereziki inguruko etxebizitzetan eta ikastetxeetan izan dezakeen eraginari.
Horrez gain, 2025ean proiektuan egindako bi aldaketa aztertuko dituzte: tunela zulatzeko leherketak erabiltzeko erabakia eta hasieran aurreikusitako trenbide-atala ez eraikitzea. Aldaketa horiek zaratan, bibrazioetan, mugikortasunean eta ingurumen-inpaktuan izan ditzaketen ondorioak behar bezala ebaluatu ote ziren argitu gura dute.
Azkenik, 2025eko jendaurreko kontsultan herritarrek proiektuaren ingurumen-dokumentazio guztia eskuratzeko aukera izan ote zuten ere ikertuko dute.
Artazako ingurua eta ikastetxeak, kezken artean
ARPA elkarteak azpiegiturak inguruko herritarren osasunean eta bizi-kalitatean izan ditzakeen ondorioez ohartarazi du. Bereziki, Artaza-Romo BHIko ikasleengan eta inguruko beste ikastetxe batzuetan jarri du arreta, obrek eragin ditzaketen zarata, bibrazio, hauts eta kutsaduragatik.
Elkarteak begi onez hartu du Europako Inbertsio Bankuaren erabakia, proiektuaren ingurumen-arriskuak behar bezala aztertu ote ziren argitzeko aukera emango duelakoan.
Dena den, ikerketa abiatzeak ez du esan gura proiektuaren lanak geldiaraziko direnik, ezta 200 milioi euroko kreditua bertan behera geratuko denik ere. Oraingoz, bankuak jasotako informazioa eta proiektuaren ingurumen-ebaluazioa berrikustea da helburua.