Uribe Kostan, lantegiak hustu eta hamarnaka milaka pertsona kalera atera ziren, Uribe Kostako Etxebizitza sindikatuak mobilizazioen balorazio positiboa egin du: "Azken urteetan Euskal Herrian egin den mobilizazio jendetsuenak izan dira, aldarri argi batekin: etxebizitza bermatutako eskubide bat izan behar du".
Goizean zehar, herritarrak hainbat lekutan mobilizatu ziren, ondoren, Bilboko manifestaziora joateko. Arratsaldez, berdin egin zuten; bakoitzak bere herrian, protesta leku guztietara eramateko helburuagaz. Izan ere, Uribe Kostako Kontseilu Sozialistak adierazi duenez, Uribe Kostan ere etxebizitzaren arazoa langile-klasea "gogor" kolpatzen du: "etxegabetzeak, prezio ordainezinak, desokuparen presentzia eta funts putreak izan ditugu gure eskualdean".

Bi taldeek argi dituzte euren aldarrikapenak: espekulatzaileen ondasunak desjabetzea, espekulazioaren debekatzea eta etxebizitza-politika behar sozialen arabera planifikatzea. Aldarrikapen horien harira, Kontseilu Sozialistak duela sei hilabete Algortan gertatutako etxegabetzea salatu zuen berriro: "Emakume horrek aita gaixorik du eta bi seme alaba ditu, horietako bat adingabea. EAJren eta PSEren Udalak ez zien inolako alternatibarik eskaini, eta, ordutik, erakundeek erabat abandonatuta izan dute familia eta orain, kale egoeran dago". Hori dela eta, atzo, Gizarte Zerbitzuetara ere jo zuten, familia horrentzat kalitatezko alternatiba egonkor bat exijitzeko helburuagaz. "Momentu oro ukatu digute bilera, etxegabetutako familia haren egoeraz errudunduz", salatu zuen Kontseiluak.
Ildo horretan, Sindikatuak etxebizitza-krisiaren erantzule jotzen dituen agintari politikoak, bankuak eta higiezinen sektoreko enpresak seinalatu zituen, "espekulatzaileen desjabetzea, espekulazioaren debekua eta etxebizitzaren planifikazioa" eskainiz. Mobilizazioakaz bat egin zuten Ikama ikasle-antolakundeko kideek ere, milaka ikasle grebara batuz.

Goizetik, pikete informatiboak egin zituzten herrietan, baita unibertsitateetako kanpusetan eta heziguneetan ere. Ikamak dioenez, etxebizitza duina "bizitza eta ikas-proiektuak" garatzeko oinarrizko baldintza da; eta, Euskal Herrian, dekretuetatik haragoko proposamen integralak garatzeko gaitasuna dagoela uste dute. Ikasleen ustez, atzoko grebak martxoaren 17koari jarraitu zion, eta, berriz ere, "eraldaketaren alde" euren mobilizatzeko prestutasuna erakutsi zuten.
Gaur, sindikatuek aldarrikapen horien alde hainbeste jende mobilizatzea ospatu dute. Hala ere, argi daukate aldarrikapen horiek gauzatzeko "indar militante sendo bat" behar dela; beraz, helburu horregaz, herritarrei etxebizitza sindikatuetan eta langile antolakunde independenteetan antolatzen jarraitzeko deia egin diete.