Maputxe ekintzaile ekologistak hiru aste bete ditu Artatza parkeko zuhaitz batean igota

Laura Fontalba Colomo

Maputxe ekintzaile ekologistak eta plataformako kideek aldarrikapenari eusten diote. © HODEI TORRES

Duela hiru aste, Maputxe ekintzaile ekologista Artatza parkeko zuhaitz batera igo zen, itsasadarraren azpiko tunelaren obrak salatzeko. Egun hartan, Subflubialaren aurkako manifestazio jendetsua ere egin zuten. Orain, hiru asteak beteta, proiektua bertan behera utzi arte zuhaitzetik jaitsiko ez dela adierazi du.

Subflubiala Ez! plataformak dioenez, azken astea "gogorra" izan da ekologistarentzat. Euriak bere arropa eta ohea busti ditu, baina, auzokideen eta plataformaren laguntzagaz, arropa lehortzea eta zuhaitzeko babeslekua hobetzea lortu du, bertan jarraitzeko aukera izateko. Izan ere, argi utzi du: proiektua bertan behera utzi arte, ez da jaitsiko.

Plataformako kideek ere aldarrikapenari eusten diote. Urteak daramatzate proiektua salatzen, eta oraindino proiektua bertan behera uzteko arrazoi ugari dituztela gogorarazi dute. Alde batetik, kutsaduraren eta larrialdi klimatikoaren arazoak nabarmendu dituzte, euren arabera, azpiegiturak egunero 11.000 auto gehiago eragingo lituzkeelako errepideetan.

Bestalde, proiektuak Artatza parkea suntsituko lukeela salatu dute. Euren esanetan, Leioa eta Getxo arteko azken birika berdea da, eta muturreko tenperaturen aurrean aisialdirako gunea eta babesleku klimatiko naturala da. Horrez gain, Ballonti ibaiaren ingurua eta arrain arantzadunaren habitata ere suntsituko lituzkeela gogoratu dute.

Plataformakoek bereziki nabarmendu dute obrek Artaza-Romo institutuan eta inguruko ikastetxeetan izango luketen eragina: euren ustez, etengabeko leherketak, zarata gorgarria, bibrazioak eta esekidura-hautsa erabat bateraezinak dira ikasleen eta irakasleen osasunagaz eta ongizateagaz. Gainera, Aldundiak obrek irauten duten bitartean Kalitate Akustikoko Helburuak bertan behera uztea erabaki duela salatu dute.

Horren aurrean, berriz ere, plataformak ibaipekoaren proiekturako aurreikusitako 500 milioi euroak garraio publikoa indartzera bideratzeko eskatu du.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun