UK-ko Mankomunitateak indarkeria matxista non hasten den hausnartzera gonbidatu ditu herritarrak

Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik izena eman beharko da.

Non hasten da indarkeria matxista? Galdera horretatik abiatuta, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak sentsibilizazio-kanpaina jarri du martxan, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira. Helburua da egunerokoan sarritan oharkabean igarotzen diren jarrerak eta portaerak identifikatzea, zalantzan jartzea eta horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea.

Kanpainak zazpi esparrutan jarriko du arreta: harreman pertsonaletan, ingurune hurbilean, espazio digitalean, kalean, etxean, ikasgeletan eta lantokietan, baita erabiltzen ditugun diskurtso eta irudietan ere. Izan ere, Mankomunitateak indarkeria matxista ez dela beti modu agerikoan azaltzen azpimarratu du, eta horri eusten dioten estereotipoak zein jarrera normalizatuak ere zalantzan jarri behar direla.

Bereziki gazteengana iritsi gura dute, berdintasunean, errespetuan, autonomian eta adostasunean oinarritutako harremanak sustatzeko. Horretarako, hausnarketa hutsetik harago joan eta kultura zein sorkuntza artistikoa baliatuko dituzte herritarrak inplikatzeko.

Bost hitzordu

Egitaraua azaroaren 20an hasiko da, Gorlizen, Warmipura: Eraldaketa eta sendatze migratzailea dokumentalaren emanaldia eta ondorengo solasaldiagaz. Emakume migratzaileen bizipenak izango dira ardatz, 18:00etan, Udaleko Bilkura Aretoan.

Azaroaren 24an, ordea, indarkeria digitalari erreparatuko diote Berangon. Autodefentsa digitala jarrera atzerakoiaren gorakadaren aurrean: Trad Wives, Gym Bros eta manosfera izeneko hitzaldia egingo dute Berangoeta Kultur Etxean, 18:00etan. Sare sozialetan zabaltzen diren diskurtso atzerakoiak eta horiei aurre egiteko moduak izango dituzte hizpide.

Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Mankomunitatearen manifestua irakurriko dute eta elkarretaratzea egingo dute Sopelan, erakundearen egoitzaren aurrean, 12:00etan.

Bi egun geroago, azaroaren 27an, Sucia filma proiektatuko dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, 18:00etan. Egitaraua abenduaren 10ean amaituko da, Urdulizko Inola Elkartean, Haizea Malabaricia eta Amaia Santamariaren Rabia y Ternura kontzertu poetikoagaz, 17:30ean.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako, izen-emate inprimakia beteta bidali behar da berdintasuna@uribekosta.eus helbidera, edo WhatsApp bidez jarri harremanetan 652 773 780 zenbakian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun