Kakarraldone

Kodainak sortutako habitat aberatsa: sega-belardiak

Iñaki Larretxi Gallastegi eta Luka Melendez Arteaga

Landazabal atlantiarra: belardiak, hesi biziak eta zuhaiztiak.

Oraindik gure ingurunean badaude baserriari lotutako habitat izugarri biodibertsuak, nahiz eta sarritan oharkabean pasatzen diren. Neguan kurlinta eta hegaberen atseden leku, udaberri eta udan lore- eta intsektu-eztanda eta baserritarraren lan-eremu. Segaldiaren ostean, miru eta zikoinak ehizatzera gerturatuko dira. Ingurune horiek sega-belardiak dira eta landazabal atlantiarraren muina sortzen dute.

Egungo Uribe Kostan paisaia irekiak ez dira duela hamarkada batzuk bezain ohikoak. Aspaldiko baratzeek, fruta-arbolen landaketek, otatzek, eta arto zein gari soroek (bai, garia Bizkaian) habitat kultural aberatsak definitzen zituzten paisaia ardaztuz, gizartearen beharrekin batera aldatuz joan zirenak halabeharrez. Bada, dena dela, oraindino habitat horien ordezkari batek dirau nola edo hala: sega-belardiak.

Sega-belardiak kodainei eta, teknologiak aurrera egin ahala, traktore zein bestelako makinariari esker mantendu dira. Izan ere, eta aipatutako gainontzeko habitat eta paisaia-unitateak bezala, gizakiak sortu eta mantentzen ditu bere tokian tokiko eta momentuan momentuko beharrak asetzeko. Aipatutako belardien kasuan, batez ere abereek neguan bazka izan dezaten ebakitzen da belarra. Kokapena eta urteko klimatologiaren arabera, sega-belardiak behin, birritan edo hirutan ere moztu daitezke apiriletik urrira, eta noizbehinka abereek zuzenean larratu ditzakete ere. Harrigarria eta kontraesana dirudien arren, ebaketa horiek sega-belardien biodibertsitatea mantentzea edota emendatzea baimentzen duten faktore-gakoa dira. Hain zuzen ere, segatzeek belar espezie dominanteak gehiegi hedatzea eta baliabideak monopolizatzea ekiditen dute, gainerako espezieei bidea erraztuz. Hortaz gain, sega-belardiak zein soroak hesi biziz edota zuhaitzak erabiliz zedarritzean, mosaiko biologiko aberatsa sortzen da eta espezie askoren biziraupena ahalbidetzen duten babeslekuak eratzen dira. Hala izanik, mosaiko edo kultur paisaia horri landazabal atlantiar deritzo.

Landazabal atlantiarraren eraldaketa azkenengo 30 urteetan (Gorliz, Lemoiz eta Plentzia artean kokaturiko Berreaga auzunea).

Sega-belardiak Europar Batasuneko Habitaten Zuzentarauan jasota daude desagertzeko arriskuan daudelako, arku atlantiarreko habitat adierazgarrienetakoak direlako eta suposatzen duten biodibertsitate-gordailu itzelagatik. Hori horrela, mehatxu nagusia lurren erabileren aldaketak dira: alde batetik, abere-kopurua murrizteak sega-belardiaren azaleraren murrizpena dakar eta, bestetik, abeltzaintzaren beherakadarekin batera lantzarrak urbanizatzeko edota pinu- zein eukalipto-landaketak ezartzeko lursail bihurtzen dira.

Udaberri-gingan, sega-belardien sasoi gorena da eta aukera ona daukagu gerturatu eta dozenaka espezieren loraldiaz eta kolore-eztandaz gozatzeko: San Joan lore handi eta zuriak (Leucanthemum sp.), Lotus corniculatus lekalearen lore horiak, Silene flos-cuculi espeziearen izar formako lore arrosak, orkideo ezberdinak… soilik batzuk aipatzearren.

Bide batez, sega-belardietara hurbiltzea bizipen akustiko sakona da ere, animalia askoren soinuak entzun daitezke eta; hala nola, kilker eta matxinsaltoen kir-kirra, polinizatzaileen aurrera eta atzerek sorturiko burrunba, elaien eta ihi-txorien kantu alaiak… Segaldiaren ostean, berriz, ez dugu aipatutako oparotasuna aurkituko, baina bestelako ikuskizunez gozatu ahalko dugu: belatz gorriak, zapelatzak, zikoinak edota azeriak (geurean lukiek) lursail biluztu horietara gerturatzen dira narrasti eta mikrougaztunez elikatzeko asmoz. Hori guztia gutxi balitz, neguko itxurazko apaltasunean kurlintak, hegaberak eta gurean negutarrak diren bestelako hegaztiak ikus ditzakegu atseden hartzen.

Horrenbestez, sega-belardiek duten garrantzi natural, kultural zein estetikoa aitortzea eta balioestea funtsezkoa da, uriboztarron nortasunaren eta ondarearen nahitaezko parte baitira. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun