'La vida entre mareas'

Argazkiz argazki, itsasadarrean ehundutako memoria

Laura Fontalba Colomo

Mikel Martinez de Trespuentes, Gonzalo Arroita eta Maria Peraita. © HODEI TORRES

Txalupaz egindako zeharkaldiak, anguleroen istorioak, itsasadarreko lehen emakume txaluparia, estropadak eta industria-garaiko irudiak. Urte luzez itsasadarraren inguruan bizi izan diren herritarren bizimodua eta ohiturak bildu dituzte Gonzalo Arroitak, Maria Peraitak eta Mikel Martinez de Trespuentesek La vida entre mareas liburuan. 

Argazki zaharrak eta gaur egungo testigantzak uztartuta, itsasadarraren bi ertzetako herriek partekatzen duten historia eta ondare immateriala ezagutarazi gura dituzte. Proiektua Punta Begoñan eta UNESCO Katedran lanean ari zirela sortu zen, Eusko Jaurlaritzak ondare immaterialari buruzko dirulaguntza-deialdi batera aurkeztera animatu zituenean. Orduan, argazkiei beste begirada batez erreparatzen hasi ziren: "Ibaiertzetan txalupa baten zain nor zegoen begiratzen genuen, nork zeraman aterkia zabalik, norantz zihoazen…", azaldu du Peraitak. Artxiboetako ikerketatik herritarren testigantzak biltzera igaro ziren, eta Punta Begoñako galerietan eta Itsasmuseumen erakusketa egin zuten. Ondoren, editore batek proiektua ezagutu, eta liburua argitaratzeko aukera sortu zen.

Arroitak kontatzen duenez, mendeetan zehar, itsasadarraren inguruko herritarrek euren bizimodua egokitu behar izan dute, bereziki krisi-garaietan: "Itsasora atera, emigratu edo abentura bila joan". Bizipen horiek berreskuratu eta herritarrengana hurbiltzea zuten helburu. "Jendeari egin gura genuena azaltzen genionean, automatikoki istorioak kontatzen hasten ziren. Eta irudi zahar eta berrien arteko jolasa zegoen gero. Trantsizio eta jarraipen hori erakusteko, Mikel oso garrantzitsua izan da", dio.

Oroitzapenak ur azalean

Liburua osatzeko prozesuan, istorio "sinestezinak" aurkitu dituztela azaldu dute. Horien artean belaunaldiz belaunaldi iraun duten lanbideak ere daude, Lutxanako Alboka Metalesen lana eta anguleroen tradizioa, besteak beste.

"Lasaitasunez ikusteko eta irakurtzeko liburua da, argazkietan gelditu eta apurka-apurka istorioez gozatzeko liburua".

Peraitak Santurtziko arrantzaleen eta sardineren tradizioagaz lotutako istorioak gogoratu ditu, baita Amaiaren istorioa ere, itsasadarreko lehen emakume txaluparia. Arroitak, bere aldetik, aitaginarrebak gerraosteari buruz kontatzen zizkion oroitzapenak gogoratu ditu. 40ko hamarkadan eskolara joaten zenean, itsasadarretik sartzen ziren itsasontzien sirenak entzuten zituztela kontatzen zion: "Ahal zutenean, ikastetxetik ihes egin eta itsasadarra txalupan zeharkatzen zuten. Txalupariak batzuetan arraunean egiten uzten zien. Imajinatu horrelako kontakizun batek transmititzen dizkizun irudi guztiak".

Martinez de Trespuentesek Erandioko kukañak gogoratu ditu, 80ko hamarkadaren amaieran, gasolino batetik uretara bota behar zirenean. "Gaur egun, igerian egiten diren zeharkaldiak eta eraldaketa hori erakusten duten beste kirol-jarduera batzuk ditugu", dio. Horrez gain, itsasadarragaz daukan lotura emozionala ere azpimarratu du: "Algortatik Bilbora lanera joaten nintzenean, Lamiakotik igarotzean hango kutsadura, usainak... nabaritzen nituela gogoratzen dut. Argazkiak ikusten dituzunean, bizi izan dituzun eta, nolabait, ahaztuta zenituen gauzak ezagutzen dituzu. Hori ere oso interesgarria da: zuk bizitako zerbait liburuan agertzen den testigantza bihurtu dela konturatzea".

Maria Peraitaren aburuz, gabarra adibide ezin hobea da lanari lotutako zerbait ospakizunaren eta identitate kolektiboaren ikur zelan bihurtzen den ikusteko. Garai batean, merkantziak eta mineralak garraiatzeko erabiltzen ziren gabarrak, baita testuinguru belikoetan ere, gerra karlistetan eta Gerra Zibilean, adibidez. Denboragaz, ospakizunetarako elementu bihurtu dira, bereziki Athleticagaz lotuta. Hain zuzen ere, proiektua prestatzen ari zirela, taldearen garaipenaren ondorengo gabarra-ospakizuna gertatu zen. "Ondare immateriala bizirik dagoela eta eraldatzen jarraitzen duela erakusten duten adibideak dira".

Mikel Martinez de Trespuentes. Erandio, 2005. Argazkian: Evaristo de Churruca ontzia, Kaiku Zubia, antzinako autobus horia eta Serantes mendia. 

Istorio horiek ez dute hiru egileen artean bakarrik izan oihartzuna. Arroitak dioenez, liburua argitaratu zenetik hainbat herritar jarri dira haiekaz harremanetan, argazkietan euren senideak ezagutu dituztelako. "Norbaitek esaten digu: 'Aitona ikusi dut' edo 'amona ateratzen da argazki batean'. Lehengoan kazetari batek deitu zidan, 1913ko waterpolo-partida baten argazkia argitaratu genuelako. Bertan agertzen zen epailea bere birraitona zela esan zidan". Jendea liburuari begira hasten denean, horrelako loturak agertzen hasten direla nabarmendu dute.

Memoria argazkiz argazki

"Asko dago kontatzeko. Asko mugatu behar izan dugu sartu gura genuena, hariari tiraka hasi eta ez duzulako inoiz amaitzen"

Martinez de Trespuentesek dioenez, itsasadarreko herri guztiak ordezkatuta egotea gura zuten, itsasadar osoko proiektua delako. Hala ere, argazkiak aurkitzea ez da udalerri guztietan hain erraza izan. Getxon, adibidez, beste herri batzuetan baino material gehiago aurkitu dute. "Argazkigintzarako sarbideak ere zerikusi handia izan du erosteko ahalmenagaz. Lehen, jende guztiak ez zuen kamera bat, eta horrek izugarri baldintzatzen ditu guregana iritsi diren artxiboak", azaldu du berak.

Horregatik, artxibo historikoetara zein bilduma pribatuetara jo behar izan dute. Indalecio Ojangurenen artxiboa bereziki baliagarria izan zaie, beste leku batzuetan aurkitzeko zailak diren irudiak jasotzen baititu. Santurtziko museoagaz ere elkarlanean aritu dira, eta jaien, prozesioen, uholdeen, estropaden, Zubi Esekiaren eta itsasadarrari lotutako beste hainbat jardueraren argazkiak berreskuratu dituzte. Peraitak Mikel Martinez de Trespuentesen lana ere nabarmendu du, hainbat hamarkadatan negatiboak gorde dituzten argazkilari eta lankideengana jo baitu. Martinez de Trespuentesek ere 80ko hamarkadatik egindako argazkiak baliatu ditu proiekturako, noizbait horrelako erabilera izango zuten jakin barik.

Dena den, bildutako material guztia liburuan sartzea ezinezkoa izan da. "Asko dago kontatzeko. Asko mugatu behar izan dugu sartu gura genuena, hariari tiraka hasi eta ez duzulako inoiz amaitzen", onartu du Martinez de Trespuentesek. Horregatik, ohiko argazki historikoetatik harago joatea izan da euren asmoa: "Ez genuen historia-liburu arrunt bat egin gura, behin eta berriro erreproduzitutako postal berdinakaz. Irudi ezberdinak gura genituen, balio dokumentalegaz, baita indar bisual eta emozionalagaz ere".

Orrialdeetatik harago, ondarea bizirik

Peraitak dioenez, liburuaren diseinuak ere pisu handia dauka istorioak kontatzeko orduan. Marina Agoñi eta bere taldeagaz lankidetzan egindako lana da. Euren ustez, itsasadarraren historiaren interpretazio oso polita egin zuten, koloreakaz, mareakaz eta proiekturako berariaz sortutako tipografiagaz jolastuz. "Lasaitasunez ikusteko eta irakurtzeko liburua da, argazkietan gelditu eta apurka-apurka istorioez gozatzeko liburua", azaldu du Arroitak. Itsasadarreko bizitzagaz zerikusia duten hainbat bloketan antolatuta dagoela dio: bizibidea ateratzea, elikatzea, lehiatzea, gozatzea, aldarrikatzea eta ospatzea. "Itsasadarrean gertatu diren eta oraindino ere gertatzen diren gauza guztiak biltzen ditu".

Baina liburuaren helburua ez da iraganeko bizimoduak erakustea bakarrik. Itsasadarraren bi ertzetako herriek partekatzen duten historia ere azaleratu gura dute. Izan ere, egileen ustez, itsasadarra ez da Eskuinaldea eta Ezkerraldea banatzen dituen muga bat, herriak lotzen dituen elementua baizik. "Ez dugu ertzei buruzko liburu bat egin, itsasadarraren barrutik kontatutako historiak batzea baizik", azaldu du Peraitak. Txalupak, estropadak, industria eta herritarren joan-etorriak historia partekatu horren erakusgarri dira: "Azkenean, dena batzen duen kremailera bat bezalakoa da".

Martinez de Trespuentesen aburuz, liburuak konexio emozional indartsuak sortu ditzake. Euren helburua herri ezberdinen arteko lotura horiek erakustea zen; pertsona bakoitzak bere historia ezagutzeko, baita zerbait zabalagoaren parte dela ulertu ahal izateko ere.

"Badira euren espiritua, memoria eta esanahia bizirik mantentzen duten pertsonak, baina horrek guztiak erakundeen babesa behar du. Ez badu, lehenago edo geroago galdu egin daiteke".

Horrez gain, ondare horren balioaz ohartarazi eta babesteko beharra aldarrikatu gura dute. Arroitak dioenez, "erakundeek eraikinak eta ondare materiala berreskuratzeko inbertitzen duten bezala, interesgarria litzateke ondare immateriala berreskuratzeko eta babesteko ahaleginak egitea". Izan ere, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ohiturez, bizimoduez eta tradizioez ari dira, baita horiek bizirik mantentzen dituzten pertsonez ere. Bere ustez, sardinerak garai batean bezala lanean ez aritzeak ez du esan gura haien historia eta tradizioa gure ondarearen parte ez direnik. "Badira euren espiritua, memoria eta esanahia bizirik mantentzen duten pertsonak, baina horrek guztiak erakundeen babesa behar du. Ez badu, lehenago edo geroago galdu egin daiteke", ohartarazi du.

Era berean, Peraitak estropadakaz, kukañakaz, txalupakaz, lanbide tradizionalakaz edo itsasadarrari lotutako jaiekaz gauza bera gertatzen dela dio. Ohitura horiek mantentzen dituzten pertsonak ezagutzea eta euren lana ikusaraztea laguntzeko modu bat dela uste du: "Zerbait ezagutzen duzunean, hobeto defendatzen duzu, babestu egiten duzu, eta kontserbatzen laguntzeko gaitasuna dutenek ere euren alde jar dezatela eska dezakezu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun