Ekologista ibaipekoaren proiektua salatzeko igo zen duela ia hilabete, urriaren 24an, Artatza parkeko zuhaitz batera. Osasun-arazoak izan eta bi eguneko atsedena hartu ostean, domekan berriro bueltatu zen bertara. Auzokide batzuen laguntzaz, tirolina bat instalatu zuen parkean. Dioenez, erabat "indarberrituta" dago, eta prest dago zuhaitzean jarraitzeko, itsasadarreko tunelaren obrak gelditu arte.
Plataformak elkartasuna adierazi gura dio, eta horretarako, elkarretaratze baten bidez, ekintzaileak zuhaitzean daraman hilabeteko erresistentzia elkarregaz ospatzeko eta ibaipekoaren proiektua bertan behera uztea eskatzeko.
Plataformaren aldarrikapenak
Subflubiala Ez! plataformak urteak daramatza ibaipekoaren proiektua salatzen. Zehazki, inguruko bizilagunen osasunean eta bizi-kalitatean izan dezakeen eragin negatiboa salatzen dute. Euren esanetan, azpiegiturak egunero 11.000 auto gehiago ekarriko lituzke errepideetara, kutsadura eta larrialdi klimatikoko areagotuz.
Halaber, proiektuak Artatza Parkea suntsitzea ere ekarriko lukeela salatu dute. Parke hori Leioa eta Getxo arteko azken birika berdea dela diote, muturreko tenperaturen aurrean aisialdirako eta babesleku klimatiko naturala. Horrez gain, Ballonti ibaiaren ingurua eta arrain arantzadunaren habitata suntsituko lituzkeela ere ohartarazi dute.
Bereziki nabarmendu dute obrek Artatza-Romo institutuan eta inguruko ikastetxeetan izango luketen eragina: etengabeko leherketak, zarata gorgarria, bibrazioak eta esekidura-hautsa erabat bateraezinak dira ikasleen eta irakasleen osasunagaz eta ongizateagaz.