Bizkaiko Garraio Partzuergoak 293,67 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, behin betiko onespena jasotzen badu. Bi helburu nagusi izango ditu: Metro Bilbao goitik behera berritzeko proiektuari ekitea eta garraio publikoa merkatzeko neurriei eustea.
Uribe Kostan ere izango dute eragina aurreikusitako inbertsioek. Getxon, Gobela eta Neguri arteko zein Aiboa eta Algorta arteko trenbideak berrituko dituzte. Sopelan, berriz, metroaren tailerren estalkia ordezkatzea eta zarata zein bibrazioak murrizteko lanak egitea aurreikusi dute. Jarduera horiek ohiko inbertsioetarako bideratutako 29,30 milioi euroko partidaren barruan daude, baina ez dute zehaztu lan bakoitzera zenbat diru bideratuko duten.
Horrez gain, 63,58 milioi euro bideratuko dituzte Metro Bilbao berritzeko MB 2.0 proiektuaren lehen inbertsioetara, besteak beste, tren berriak erosteko eta seinaleztapen-sistema zein aginte-postua berritzeko.
Bidaia luzeak, merkeago
Azpiegiturak berritzeaz gain, garraio publikoaren tarifetan ere aldaketak izango dira. Hala, 2027ko lehen hiruhilekoan tarifa-eremuak hirura murriztea aurreikusi dute. Neurri horrek bidaia luzeak merkatuko ditu, eta, bereziki, Bilbotik urrunen bizi diren herritarrei egingo die mesede.
Bestalde, garraio-abonuetan eta Gizatransen % 20ko deskontuei eutsiko diete, eta horiei Espainiako Gobernuak onartutako laguntzak gehituko zaizkie. Urtean zehar, garraiobide batetik besterako aldaketengatik ordaindu beharreko kostua kentzeko eta errentaren araberako deskontuak ezartzeko urratsak ere egingo dituzte.
Aurrekontuak jendaurrean egongo dira azaroaren 25etik abenduaren 16ra bitartean, eta abenduaren amaieran ematea aurreikusi dute behin betiko onespena.