A25, Uribe Kostako eragile feministak

"Ez ginen atzera egiteko jaio"

Laura Fontalba Colomo

Diskurtso matxisten eta faxisten gorakadaz kezkatuta, Uribe Kostako eragile feministek kaleak hartuko dituzte gaur, azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko. Algortako Mugimendu Feministak, Itzubaltzetako Talde Feministak, Sorginen Alabak taldeak eta Uribe Kostako Itaiak diagnostiko eta proposamen propioak dituzte, baina denek indarkeria matxistari aurre egiteko antolatuta jarraitzeko beharra nabarmendu dute.

Algortako Mugimendu Feministak dioenez, Uribe Kosta ez da uharte bat, beraz, bertan ere gizarte osoan egiturazkoa den indarkeria motek –kapitalista, matxista, arrazista, koloniala– eskualdeko emakume eta disidenteen bizitzak zeharkatzen dituzte. "Eskubideetan, zaintzan, babes sozialean, etxebizitzetan, aukeretan, enpleguan, soldatetan, aisialdian, kulturan eta hizkuntzan, arazo eta eraso ugari jasaten ditugu egunero", azaldu dute. Sorginen Alaben ustez, sistema "zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak" eskualdean ere "zapalkuntza makinariak" martxan jartzen dituelako abiatzen da.

Hala ere, azken urteotan hainbat aurrerapauso eman direla nabarmendu dute. Algortako feministen ustez, elkarregaz ekiteko espazioak berreskuratu dituzte, eta gizartean pil-pilean dauden borroketan feminismoaren presentzia indartzeko lanean dabiltza. Era berean, Sorginen Alabak taldeak feminismoaren ikusgarritasunean, emakumeen eta disidenteen antolakuntzan eta indarkeria matxistaren inguruko kontzientziazioan egindako aurrerapausoak azpimarratu ditu: "Mugimendu feministak, eta lubakian lagun izandako beste mugimendu aliatuek egindako lanari esker, lehen normalizatuta zeuden hainbat jarrera eta portaera zalantzan jartzen dira gaur egun". Itaiak, aldiz, kale-mailako erantzuna apaldu egin dela deritzo, eta emakumeen aldeko borroka erakundeetara mugatu izanari egotzi dio desmobilizazio hori.

Indarkeriaren hamaika aurpegi

Itzubaltzetako Talde Feministak dioenez, indarkeria matxistak "ez datoz bakarrik", baizik eta beste indarkeria eta egoera batzuekaz lotuta daude: lan baldintza prekarioak, diru sarrera eskasak, etxebizitza lortzeko ezintasuna, migrazio egoerak, arrazializazioei lotutako indarkeria eta gehiegikeriak, zaintza kargak… Sorginen Alaben ustez, oraindino bide luzea geratzen da: bereziki kezkatzen ditu emakume migratuek, arrazializatuek eta sexu-genero disidenteek egungo sisteman jasaten dituzten zapalkuntzek.

Indarkeria horietako asko ustez seguruak diren lekuetan gertatzen direla nabarmendu dute Algortako feministek. Euren ustez, kalean ez dira oraindino lasai ibiltzen; ezta kuadrilletan, familietan, migratutako emakumeek etxeetan egiten dituzten lanetan, militantzia-esparruetan eta eskoletan ere. Horrelako guneetan gertatzen diren erasoak identifikatzeko eta bideratzeko zailenak direla ohartarazi dute: "Gure gertukoen indarkeriak erretzen gaitu gehien".

"Gure gertukoen indarkeriak erretzen gaitu gehien".

Indarkeria-egoera horietatik ateratzeko zailtasunei etxebizitza eskuratzeko arazoa ere gehitu behar zaie. Itzubaltzetako feministek ohartarazi dutenez, euren herrian etxebizitza-arazo larria dago, eta zaintza-lanen banaketa guztiz desorekatuta dago; horrek indarkeria matxistari aurre egiteko lana zailtzen du.

Sorginen Alabak dioenez, sistema honetan emakumeak bereziki pobretutako subjektuak dira; are gehiago, gazteak izanda. Eskualdean inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzak eta erabilera turistikora bideratutakoak ere jarri dituzte jopuntuan, baita horiek genero- eta arraza-ardatzek zeharkatutako pertsonengan duten eragina ere. Etxebizitza-eskubidearen aldeko azken greba orokorrean feministek ere zeresana izan dutela nabarmendu dute. Hori dela eta, etxebizitzaren problematikari transfeminismotik erreparatzeko beharra dagoela deritzote: "Etxebizitza hainbat emakumerentzako* indarkeria espazioa da, familia zisheterosexualak betikotzeko tresna da, irizpide arrazistakaz alokatzen da… Sistema patriarkal, kolonial eta kapitalista erreproduzitu eta sostengatzen du gaur egun".

Olatu erreakzionarioaren aurrean

Azken urteotako faxismoaren gorakadaz eta ideia erreakzionarioen hedapenaz ohartarazi du Itaiak: "Matxismoaren normalizazioa ari da ematen gurean ere". Algortakoek emakumeak eta disidentziak erasoen jopuntuan daudela gehitu dute: "Gorrotoa haziz doa sare sozialen laguntzarekin ere". Sorginen Alaben ustez, diskurtso horiek lortutako eskubideak murrizteko arriskua dakarte, eskubide horiek zalantzan jartzen baitituzte, eta indarkeria matxistaren aurrean orain arte egindako bidea oztopatzen baitute.

© ITAIA

Itaiaren arabera, ia eskualdeko jai guztietan eraso matxistak, homofoboak edo transfoboak gertatu dira. Hain zuzen ere, taldeak gogorarazi duenez, aurten Euskal Herrian bost erailketa matxista izan dira, adingabeen kontrako sexu-erasoa Getxon, gutxienez sei eraso Uribe Kostako jaien testuinguruan, eta sexu-esplotazioko sare bat Getxon. Horrez gain, azken aldian, Euskal Herriko zenbait txokotan emakumeen irudi sexualizatua hauspotzen duten foroak antzeman direla azaldu du.

Gorakada hori beste hainbat esparrutan antzeman du Itaiak: sare sozialetan, influencer misoginoen bidez; instituzioetan, Getxon, kasu, alderdi faxisten indarra nabarmendu du; eta kale-mailan, adibidez, indarkeria matxista arrazakeria justifikatzeko erabiltzen duten diskurtsoen bidez. Azken horrek bereziki kezkatzen ditu Itzubaltzetako feministak ere, migratutako pertsonak kriminalizatzeaz gain, arazoaren benetako fokua desbideratzen duelako: "Horrela, bistatik galtzen dugu indarkeria matxista egiturazko arazo bat dela, eta ikusezin bihurtzen ditugu bertako gizonek eragindako indarkeria kasu guztiak".

Ildo berean, feminismoaren izenean diskurtso arrazistak zabaltzea edota segurtasunaren izenean kontrol sozial handiagoa eta polizia gehiago eskatzea ere kritikatu du Sorginen Alabak taldeak. Algortakoen aburuz, Getxo, adibidez, oso udalerri "klasista" da, eta eskumak "indar handia" dauka bertan: "Kontrola handia da, polizia-zaletasuna eta indarkeria gora doaz, eta horrek ez du laguntzen".

Erakundeen erantzuna, jopuntuan

"Hor gaude, eusten, geure egiten, ez dezaten urardotu, eta horrek energia handia eskatzen digu".

Indarkeria matxistari aurre egiteko erakundeek ematen duten erantzuna nahikoa ez dela deritzote lau eragileek, nahiz eta egoera horri aurre egiteko proposamen eta estrategia ezberdinak dituzten. Itaiaren iritziz, erakundeak indarkeria matxista "kudeatzera" mugatzen dira, emakumeen babesa bermatu barik. Gainera, kudeaketa hori egoera ekonomikoaren menpe dagoela ohartarazi du: "Baliabide publikoak murriztu egiten dira, erasotutako emakumeak, besteak beste, babesgabe utziz".

Erakundeen erantzun "epela" salatu dute Algortako feministek ere. Euren ustez, baliabideak eskasak dira, gizarte-zerbitzuak gainezka daude, eta polizia eta epaitegiak ez dira irtenbidea. Horregatik, legeak, egiturak eta baliabideak aldatzeko eta erakundeek euren erantzukizuna aitortzeko beharra aldarrikatu dute: "Alferrik dira adierazpenak, isiluneak eta abar, benetako neurriak, baliabideak, interlokuzioak bideratzen ez badira". Getxoko 

Emakumeen Etxea jarri dute horren adibidetzat: urte askotako borrokaren ostean lortu bazuten ere, oraindino Udalaren kontrolpean dagoela salatu dute. "Hor gaude, eusten, geure egiten, ez dezaten urardotu, eta horrek energia handia eskatzen digu".

Algortan, martxoaren 8an egindako manifestazioan.

Sorginen Alabak taldeak, bestalde, indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa ezin dela adierazpen instituzionaletara edo egun jakinetako kanpainetara mugatu azaldu du: "Konpromezu errealak, baliabideak eta eguneroko lana behar dira".

"Argi daukagu herriko taldeak, eragileak, eta norbanakoak prozesu honetan inplikatu behar direla".

Itzubaltzetako Talde Feministak kalitatezko arreta psikologikoa behar dela nabarmendu du, emakumeen prozesuak errespetuz artatuko dituena eta egoera bakoitzaren konplexutasuna kontuan hartuko duena; baita arreta soziojuridiko egokia ere, ikuspegi polizial eta judizialetik harago doana, eta mina jasan duen emakumeari zein haren ingurukoei prozesu osoan laguntzeko gai izango dena. 

Itaiak, aldiz, "instituzio kapitalistak" emakumeen zapalkuntzari aterabidea emateko gai ez direla salatu du, kapitalismoak berak sortu eta erreproduzitzen duelako zapalkuntza hori, emakume langileen kontura etekin ekonomikoak lortzeko eta politikoki menpeko subjektu gisa mantentzeko. Horrenbestez, emakume langileen babesa bermatzeko bide bakarra zapalkuntza horri errotik amaiera ematea dela uste du; eta, horretarako, guztion berdintasunean oinarrituko den sistema sozialista eraiki behar dela.

Antolakuntza, eraldaketarako tresna

Diagnostiko eta aldarrikapen horietatik harago, indarkeria matxistari aurre egiteko eguneroko lanaren garrantzia ere azpimarratu dute lau eragileek.

Itzubaltzetan, adibidez, azken urteotan herri-mugimenduan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa lantzen ibili dira, batez ere jaietan martxan jarri dutena. Orain, baina, jaietatik harago joateko eta herri zaintzaileagoa eraikitzeko eman beharreko pausoen inguruan hausnartzen dabiltza: "Argi daukagu herriko taldeak, eragileak, eta norbanakoak prozesu honetan inplikatu behar direla".

"Ez gara soilik erantzutera mugatuko; orain arte erakutsi izan dugun bezala, eraikitzera gatoz".

Algortako feministek, euren aldetik, autodefentsa lantzen, sareak ehuntzen, aliantzak bilatzen eta gogoetarako zein zaintzarako espazioak eratzen jarraitzen dute, lortutako eskubideak ez galtzeko eta horietan aurrera egiteko. Emakume migratuekiko eta disidentziekiko elkartasunaz gain, euskararen eta lurraren defentsan dabiltzan mugimenduekaz ere aliantzak bilatzen dabiltza.

Era berean, Sorginen Alabak taldearen ustez, garrantzitsuena ez da soilik egoera konkretu batzuei erantzutea edo aliantza konkretu batzuk egitea, "elkarren artean harilkatu eta efektiboak izango diren eraldaketarako sareak osatzea baizik".

Plentzian, martxoaren 8an egindako elkarretaratzean.

Itaiak, berriz, emakume langileen interesak lehen lerroan jarriko dituen antolakunde politikoa eraikitzeko borondatea antzeman du Uribe Kostan. Eraso matxistei erantzuteko, erasotzaileen inpunitateari aurre egiteko eta emakume langileen askapenari ekarpena egiteko tresna izan behar duela deritzo.

Gaur, azaroaren 25ean, lau eragileak kaleetara aterako dira, erasoen eta erasotzaileen kontra irmotasunez erantzuteko, eskubideen ukazioa, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta faxismoaren gorakada salatzeko. Baina, erasoen aurrean erantzuteaz gain, eraikitzeko borondatea ere badute, Sorginen Alabak taldeak nabarmendu duenez: "Ez gara soilik erantzutera mugatuko; orain arte erakutsi izan dugun bezala, eraikitzera gatoz". Eta, horretarako, antolatuta jarraituko dute, azaroaren 25etik harago ere. Algortako eta Itzubaltzetako feministek aldarrikatutako leloak laburbiltzen du konpromiso hori: "Ez ginen atzera egiteko jaio".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun