Mankomunitateak —Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz udalerriek osatutako udal-gaineko erakundeak— udalerrien ohiko ekarpenen bidez finantzatuko du, gehienbat, datorren urteko aurrekontua. Ekarpenik handiena Sopelako Udalak egingo du (1.503.571,17 euro).
Guruzne Carrassonek, Mankomunitateko presidenteak, 2027ko aurrekontuak Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateagaz duten konpromisoa erakusten duela azpimarratu du. Bere hitzetan, Mankomunitatea herritarren ongizatea hobetzeko funtsezko erakundea da, eta aurrekontu barriagaz pertsona ahulenei bideratutako baliabideak babestu eta euskararen sustapenean, ingurumenaren arloan eta kudeaketa feministan sakoneko eraldaketak bultzatu gura dituzte.
Ingurumena eta jasangarritasuna
Gizarte-arloan, aurrekontuaren giltzarria Lehen Mailako Gizarte Laguntza da, 2.961.710,92 euroko zuzkiduragaz. Funts horiek Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) etengabeko eskaintza, Gizarte Esku-hartzea eta Garapen Komunitariorako Zerbitzuaren (GKGZ) garapena, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen zuzkidura (526.000 euro) eta gazteentzako UDALGAZTEDI gizarteratze-programa bermatuko dituztela azaldu dute. Gainera, 2027an, Getxoko Udalagaz hitzartutako gizarteratzeko ibilbide berria martxan jarriko dutela aurreratu dute.
Ingurumen-arloan, hondakinak biltzera bideratutako aurrekontua % 63,75 hazi da, 658.242,25 eurora heldu arte. Horren bidez, eskualdean paperaren, kartoiaren, ehungintzaren eta landare-olioaren bilketa optimizatu gura dute. Halaber, edukiontziak berriztatzeko eta merkataritza-sektorean atez ateko bilketa sendotzeko baliatuko dute igoera hori.
Bestalde, 411.558,57 euro bideratuko dituzte Ekoguneko hezkuntza-programetara, ingurumen-dinamizaziora eta Energia Aholkularitza Zerbitzura; eta beste 76.223,43 euro, UKANAUTO partekatutako ibilgailu elektrikoen flota kudeatzera. Horri osasun publikoa babesteko 250.000 euroak gehitu behar zaizkio, oso-osorik animaliak biltzeko eskualdeko zerbitzura eta katu-koloniak etikoki kontrolatzeko CER metodoa ezartzera bideratuko dituztenak. Gainera, datorren urtean, 40.000 euro erabiliko dituzte Jasangarritasun eta Ekintza Klimatikoko Plan Estrategikoa kontratatzeko.
Berdintasuna eta euskara
Berdintasun Zerbitzuari dagokionez, aurrekontua % 30,93 handituko dute, 302.414,96 eurora heldu arte. Igoera horri esker, berdintasun-teknikari barri baten kontratazioa formalizatu ahal izango dute, dagokion hautaketa-prozesuaren ostean. Hala, eskualdeko berdintasun-planak, Lilagune jabetze-eskolak eta ikastetxeetako hezkidetza-programa indartu gura dituzte.
Era berean, Euskara Zerbitzuak 483.988,93 euro izango ditu, aurten baino % 15,59 gehiago, eskualdeko hizkuntza-dinamizazioko planak eta jarduerak garatzeko, hala nola Berbalagun ekimena. Horrez gain, 47.958,73 euro bideratuko dituzte itzulpen-zerbitzuetara.
Azkenik, Mankomunitateko estatutuak eguneratzea izango da 2027rako beste helburu nagusietako bat. Carrassonen arabera, aldaketa hori funtsezkoa da erakundea osatzen duten udalerrien egungo beharretara egokitzeko.