Sakonean

Habia egiteko lekurik ez

Eustaten arabera, UK-ko etxebizitzen % 15,1 (12.468) bigarren bizilekuak eta ohiko bizileku gisa erabiltzen ez diren etxeak dira. 

Etxe bat lau horma baino askoz gehiago da. Bertan igarotzen dira egunak, pilatzen dira oroitzapenak eta eraikitzen dira etorkizunerako planak. Urteen poderioz, norberaren bizitzaren parte bihurtzen da, ia oharkabean. Baina zer gertatzen da, urteak bertan eman ondoren, etxe horretan bizitzen jarraitu ahal izango duzun ez dakizunean? 

Galdera horri erantzun guran dabiltza Erandioko Los Ochos etxebizitzetako bizilagunek. Batzuek zortzi urte daramatzate bertan; beste batzuek, hamasei. Iaz, ordea, gutun batek ordura arteko lasaitasuna hankaz gora jarri zien: etxebizitzak eskuz aldatu ziren, eta Mosaic enpresaren esku geratu ziren. Auzokideek aldaketa gauzatu ondoren izan zuten horren berri. Ordutik, alokairuen prezioen igoerak, kontratuak berritzeko zailtasunak eta erantzunik gabeko galderak pilatu zaizkie.

Kilometro gutxira, Getxoko Alango auzoan, beste hainbat familiek antzeko kezka dute. Babes ofizialeko etxebizitzetan bizi dira, baina ez dakite ziur 2031tik aurrera zer gertatuko den. Eskualdeko beste txoko batzuetan, berriz, badira oraindino etxebizitza propio bat izateko aukerarik ere ikusten ez dutenak. Plentzian eta Gorlizen, kasu, gazte askorentzat norberaren herrian bizitzen jarraitzea gero eta urrunago dagoen aukera bihurtu da.

Istorio desberdinak dira, baina lotura dute elkarren artean: etxebizitza bat izatea ez da beti nahikoa etorkizuna bertan irudikatu ahal izateko. Batzuentzat, urteetan euren bizileku izan denari eustea da erronka; beste batzuentzat, lehen aldiz etxeko atea norberaren giltzagaz irekitzea. Bitartean, galdera bera dabil batetik bestera: ba al dago lekurik guretzat gure herrietan?

Zortzi atari, kezka bera

Gutunak ez zien galdera guztiei erantzun. Aitzitik, Los Ochoseko bizilagunak ordura arte segurutzat jotzen zutena zalantzan jartzen hasi ziren. Jabetza aldatu zela jakin ondoren, Mosaic enpresagaz harremanetan jartzen saiatu ziren, baina azalpenak lortzea ez da erraza izan. Enara Calvo Gil auzokideak kontatu duenez, bezeroentzako atari digital baten bidez egin behar dituzte kontsultak, eta ez dute erantzunik jasoko dutenaren bermerik: "Guk ez genekien ezer, ez ginen enteratu, inork ez zigun ezer galdetu".

Denborak aurrera egin ahala, informazio faltari beste arazo batzuk gehitu zaizkio. Calvo Gilen arabera, zenbait bizilaguni alokairua igo diete aldez aurretik jakinarazi gabe, eta beste batzuek ordainketak egin dituztela frogatu behar izan dute, enpresak kontrakoa adierazi dielako: "Auzokide batzuei alokairua asko igo diete bat-batean, hilabete batetik bestera, % 50 gutxi gorabehera". Eraikinen egoerak ere kezkatzen ditu: "Garajeetan ura pilatzen da, hainbat solairutan mantentze-arazoak daude; eraikina egoera kaxkarrean dago".

HIRUKA Mosaic enpresagaz harremanetan jartzen saiatu da, baina erreportaje hau ixteko unean ez du erantzunik jaso. Bitartean, bizilagunen kezkarik handiena kontratuen etorkizuna da. Lehenengoak joan den urriaren 1ean hasi ziren iraungitzen, eta, oraingoz luzatuta badaude ere, auzokideak dio ez dutela enpresagaz baldintzak negoziatzeko aukerarik izan. Etxebizitzak erosteko aukera ere eskaini dietela azaldu du, baina iaz baino askoz garestiago: "Eskaintza hori ez da benetako irtenbidea".

"Ez dakizu etxearen jabea noiz agertuko den hemendik alde egin behar duzula eta etxetik botako zaituela esateko"

Egoera horren ondorioak ez dira kontratuetan edo bankuko kontuetan bakarrik nabaritzen; bizilagunen eguneroko lasaitasunean ere eragina dute. "Tristura, beldurra eta ezinegona", aipatu ditu Calvo Gilek, zer sentitzen duen galdetuta. "Ez dakizu etxearen jabea noiz agertuko den hemendik alde egin behar duzula eta etxetik botako zaituela esateko", gaineratu du.

Etxea utzi behar izateak, gainera, helbide-aldaketa hutsa baino askoz gehiago esan gura du. Los Ochoseko bizilagun askok urteak daramatzate Erandion; bertan dituzte familia, lagunak, seme-alaben eskolak eta eguneroko harremanak: "Ez digute Erandion geratuko garenik bermatzen, eta horrek ere beldurra ematen digu, bertan gure bizitza dagoelako".

Hasierako bakardadeari, ordea, elkartasunak hartu dio lekua. Bizilagunak antolatzen hasi dira, eta herritarren babesa ere jaso dute. Eskaera ez da etxebizitza doan jasotzea, enpresagaz hitz egiteko eta bertan bizitzen jarraitzeko baldintzak negoziatzeko aukera izatea baizik. "Guk ez dugu inork ezer dohainik ematea eskatzen; ordaintzeko ahalmena daukagu, baina norbait gurekin negoziatzea behar dugu", azpimarratu du auzokideak. "Pertsonak gara, ez haiek dirua irabazteko merkantzia".

Zortzi atarik osatzen dute Los Ochos, baina auzokideek badakite ez daudela bakarrik. Getxoko Alangon, beste hainbat familia ere antzeko ziurgabetasunean bizi dira.

Babespean, baina babesik gabe

2031 gorriz markatuta dute Getxoko Alangoko babes ofizialeko 145 etxebizitzetako bizilagunek. Orduan hasiko dira 2016an esleitutako alokairu-epeak amaitzen, eta familiek ez dakite euren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izango duten.

Etxebizitzak udal-lurzoruan eraiki ziren, baina Nestar enpresa pribatuak kudeatzen ditu. Urko Ortueta ATARI etxebizitza-sindikatuko kidearen arabera, 15 urteko alokairu-epea amaitzean enpresaren esku egongo da etxebizitzak alokairuan mantentzea edo saltzea. "Oso informazio gutxi dugu, ia dena dago argitzeke", azaldu du.

"Ziurgabetasuna prekarietatea da eta prekarietatean ezin da duintasunez bizi-proiekturik eraiki"

Alangoko auzokidea den Francisco Urkulluk ere ez du etorkizuna argi ikusten. Getxoko Udaleko ordezkariekaz bildu zirenean, Nestarrek erosteko edo alokairuan jarraitzeko aukera eskainiko ziela jakinarazi zietela dio, babes ofizialeko baldintzak errespetatuta. Baina enpresaren berrespenik ez dute: "Ez dakigu Nestarrek zer eskainiko digun". HIRUKA ere enpresagaz harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du erantzunik jaso.

Ziurgabetasun horri eguneroko arazoak gehitu zaizkio. ATARIk kontratuetako ustezko klausula abusiboak, mantentze-lanen gabeziak eta enpresagaz komunikatzeko zailtasunak salatu ditu. Ortuetak azaldu duenez, zenbait auzokideek etxegabetzeko abisuak ere jaso dituzte, kontratuak berritzeko izapideak egin arren. "Antsietate-egoera traumatikoak bizitzera behartuak izan dira", adierazi du.

Horren aurrean, bizilagunak antolatzen hasi dira ATARIren laguntzagaz. Urkulluk azaldu duenez, ordura arte bakoitzak bere kabuz egiten zien aurre arazoei, baina elkartuta Getxoko Udaleko ordezkariekaz biltzea lortu dute. Bertan, kontratuen berritzeak, etxebizitza hutsak eta mantentze-arazoak mahai gainean jarri dituzte.

Zer gertatuko da 2031n?

Alangoko 145 etxebizitza babestuen alokairu-epeak amaitzen hasiko dira urte horretan. Kontratuak 15 urterako sinatu zituzten, baina enpresak 75 urterako azalera-eskubidea du.

Auziak eztabaida politikora ere egin du salto. EH Bilduk Nestarrek Udalagaz sinatutako kontratua ikertzeko eskatu du, ez-betetze larriak egon daitezkeelakoan; ATARIk, berriz, etxebizitzen kudeaketa publikoa berreskuratzea. HIRUKA Udalagaz ere harremanetan jartzen saiatzean, ez du erantzunik jaso.

Bitartean, Alangoko familiek erantzunen zain jarraitzen dute. Ortuetaren ustez, bost urte falta izateak ez du esan gura erabakiak ordura arte atzeratu daitezkeenik: "Ziurgabetasuna prekarietatea baita; eta prekarietatean ezin da duintasunez bizi-proiekturik eraiki".

Herrian hazi, herritik alde egin

Plentzian eta Gorlizen, gazte askorentzat emantzipatzeak norberaren herria atzean uztea esan gura du. Etxebizitzen prezioek gora egiten duten bitartean, soldatek ez dute erritmo berean gora  egiten. "Ezinezkoa da gure herrian bizitzea, etxebizitzaren bat oinordetzan jaso ezean", azaldu du Danontzat Gaztetxeko kide batek. "Zelan ordaintzen duzu 1.200 euroko alokairua 1.000 euroko soldatarekin?".

Kostaldeko herriak izateak ere badu eragina. Gaztetxeko kideek salatu dutenez, bigarren etxebizitza ugari hutsik daude urtearen zatirik handienean, eta udako hilabeteetan erabiltzen diren etxe horiek ez daude urte osoan bertan bizi gura duten herritarren eskura. "Etxe asko bederatzi edo hamar hilabetez hutsik daude", azaldu du kide batek.

"Pertsonak gara, ez haiek dirua irabazteko merkantzia"

Egoerak herrien eguneroko bizimodua ere baldintzatzen du: neguan pertsiana itxiak nagusitzen dira, eta udan, berriz, masifikazioa. Baina kezka ez da etxebizitza bat eskuratzera mugatzen. Herritik alde egiteak urteetan eraikitako harremanak, kultur jarduerak eta komunitatearen etorkizuna ere baldintzatzen ditu: "Etxebizitzak lau pareta baino gehiago dira: auzokideak, herria, identitatea… dira".

Horregatik, Plentzia eta Gorliz urte osoan bizirik dauden herriak izatea aldarrikatzen dute. Gazteek ez dute bertan lo egiteko leku bat soilik eskatzen, euren herriko parte izaten jarraitzeko aukera baizik.

Zergatik da hain zaila emantzipatzea?

Etxebizitzen prezio altuak eta soldata prekarioak dira gazteek euren herrietan bizitzen jarraitzeko dituzten oztopoetako batzuk. Plentzian eta Gorlizen, bigarren etxebizitzen presentzia ere salatu dute Danontzat Gaztetxeko kideek: "Gaur egun, ia ezinezkoa da gure herrian bizitzea, etxebizitzaren bat oinordetzan jaso ezean"

Lana ez da nahikoa

Etxebizitzaren arazoa gazteen emantzipazioa baino gehiago da. "Sindikatuan egunero ikusten dugu lana izatea ez dela nahikoa pobreziatik ihes egiteko", azaldu du Irati Ugartek, ELA sindikatuko eskualdeko ordezkariak. Haren arabera, etxebizitzen prezioen eta soldaten arteko aldeak gero eta zailagoa egiten du langileek etxebizitza ordaintzea.

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ere gertutik ezagutzen du egoera. Azaldu dutenez, azken bi urteetan etxea galtzeko arriskuan zeuden familia ugari hurbildu zaizkie. Gainera, etxegabetze guztiak epaitegietara ez direla  iristen ohartarazi dute: batzuetan, kontratua amaitu edo alokairua garestitzean, etxea uztea beste aukerarik ez dute.

Erakunde publikoen erantzukizuna ere azpimarratu dute sindikatuek. LABek alokairuen prezioak jaistea, soldata duinak bermatzea eta etxegabetzeak geldiaraztea aldarrikatu du, baita kontratuen baldintzak betetzen direla kontrolatzeko ikuskaritza-organo bat sortzea ere. Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren ustez, berriz, neurri partzialek ez dute arazoaren oinarria konpontzen: "Etxebizitza gutxi batzuentzat negozio-iturri den bitartean, ezin da benetan bermatutako eskubide bat izan".

"Etxebizitza gutxi batzuentzat negozio-iturri den bitartean, ezin da benetan bermatutako eskubide bat izan"

Kezka horiek guztiak kalera atera ziren azaroaren 11ko etxebizitzaren aldeko greba orokorrean. Baina sindikatuek aldarrikapenek egun bakarrean geratu behar ez dutela azpimarratu dute, eta antolakuntza indartzeko zein erakundeei neurri zehatzak eskatzeko beharra nabarmendu dute.

Etxebizitzaren inguruko eztabaidan prezioez, kontratuez eta legeez hitz egiten da etengabe, baina zenbakien atzean pertsonen bizitzak daude: urteetan eraikitako harremanak, oroitzapenak eta oraindino gauzatu gabeko planak. Etxe bat lau horma baino askoz gehiago delako, eta benetako galdera ez delako soilik nork lor dezakeen etxebizitza bat, baizik eta nork duen bere herrian etorkizuna eraikitzeko benetako aukera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun