"Ez da erraza izan lortutako emaitza onartzea, baina pozik egon behar gara sekulako denboraldia egiteagatik".
Euskal Pilota Selekzioak lehen aldiz Munduko Txapelketa ofizial batean parte hartu ostean, argi daukate: Euskal Herria bere izenagaz ordezkatzeko aukera izatea lorpen handia izan da. 2026ko urriaren 15etik 24ra Buenos Airesen eta Uruguaiko Colonia del Sacramenton jokatutako XX. Munduko Pilota Txapelketarako, Euskal Selekzioak 41 pilotari deitu zituen. Horien artean, Uribe Kostako sei pilotari aritu ziren erremintako modalitateetan: Kureneko Markel Sierra eta Armintzako Iñaki Urrutia larruzko paletan; eta Kureneko Iker Gordon eta Armintzako Jagoba Madariaga, Esteban Gaubeka eta Imanol Ibañez pala motzean. Haiekaz batera, Patxi Ziskar erremintako hautatzailea eta Kureneko kirol-zuzendaria ere izan zen txapelketan.
Hirurentzat esperientza "oso polita eta berezia" izan da; Ziskarrentzat, are gehiago, "hunkigarria". Gordonek dioenez, Munduko Txapelketa batean parte hartzea ez da "egunero gertatzen den zerbait", eta Euskal Selekzioagaz lehen aldiz aritzeko aukera izateak are "bereziagoa" egiten du esperientzia.

Kirol-emaitzek, ordea, sentipen desberdinak utzi dituzte. Pilotariak pala motzeko finalera heldu ziren, eta zilarrezko domina lortu zuten. "Momentuan beti geratzen da urrea lortu ez izanaren pena hori, baina hotzean pentsatuta, lehen parte-hartze honetan finalera heltzea oso emaitza ona da. Pozik egoteko modukoa da", azaldu du. Sierraren kasuan, berriz, espero baino laburragoa izan zen txapelketa. Larruzko paletan, bi partida jokatu eta biak galdu zituzten; lehen fasean geratu ziren kanporatuta. "Bi partidu bakarrik jokatzea ez da izan espero nuena", aitortu du. Hala ere, hasieratik bazekiten kanpoan geratzeko aukera zegoela: "Asko entrenatu arren, oraindik askoz gehiago egin behar dugu. Ez da erraza izan lortutako emaitza onartzea, baina pozik egon behar gara sekulako denboraldia egiteagatik".
Mailari dagokionez ere, espero zuten baino maila altuagoa aurkitu zuten. Ziskarrek azaldu duenez, larruzko paletan bazekiten Argentina eta Espainia "hezur gogorrak" izango zirela, eta Frantzia ere aurkari arriskutsua zela. Pala motzean hobeto ibili ziren, baina finala hirugarren setean galtzea kolpe handia izan zen. "Martxotik egon gara astero entrenatzen, oso gogor eta oso fin. Paletaz ez dugu erakutsi daukagun maila; askoz gehiago jokatzen dute gureek", adierazi du.
Amets baten gauzatzea
"Munduko Txapelketa batean Euskal Herria ordezkatzeko aukera izateak motibazioa eta ilusioa sortzen ditu, eta gure kirolari ikusgarritasun handiagoa emateko ere balio dezake".
Emaitzetatik harago, Euskal Selekzioagaz Munduko Txapelketa ofizial batean parte hartzeko aukera izateak esanahi berezia izan du hirurentzat. "Urte askoan horrelako aukera baten zain egon gara, eta azkenean Euskal Herria gure izenagaz ordezkatu ahal izatea oso berezia izan da", dio Gordonek. Euskal Herrian pilotan dagoen maila kontuan hartuta, horrelako txapelketa batean parte hartzea merezi zutela uste du; Sierrak ere argi dauka: "Bagenekien Euskal Selekzioak lehen aldiz Munduko Txapelketan parte hartzea gauzarik garrantzitsuena zela".
Ziskarrek beste ikuspuntu batetik bizi du lorpena. Euskal Selekzioa ofiziala izan aurretik, urte askotan hautatzailea izan zen. "Momentu hauetan helburu hau lortzeko urte askotan lan egin duten pilotazale eta euskalzale askotaz gogoratu naz", azaldu du. Bereziki, Kepa Arroitajauregi Euskal Pilota Federazioko zuzendari tekniko izandakoa eta Ander Martin trinketeko hautatzaile eta pilotaria ekarri ditu gogora, besteak beste: "Zoritxarrez ez daude gure artean, baina hor goian oso pozik daudela jakin badakit, beraien helburu nagusia bete delako".
Euskal Selekzioaren kamiseta lehen aldiz Munduko Txapelketa batean janztea, aireportuko agurra, Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeko harrera, zesta-puntako lehen urrea, himnoa edo ereserkia lehen aldiz bertan entzun zutenean…, une hunkigarriak izan dira. Ziskarrek bereziki gogoratzen du finaletako bat: "Josemari Mitxelenaren ondoan ikusi nuen finala, eta biok negar baten hasi ginen finala irabazi genuenean. Momentu horretan Kepa Arroitajauregiren kamiseta bat neraman jantzita". Sierrarentzat, berriz, taldekideakaz sortutako harremana izan da esperientziaren alderdirik politenetako bat: "Egin ditugun gauza guztiak talde moduan niretzat paregabeak izan dira".
Kurene eta Armintza, lanaren fruituak
Uribe Kostako sei pilotari Munduko Txapelketara heltzea ez da kasualitatea. Gordonek dioenez, Kurene eta Armintza bezalako klubek urte luzez lan handia egin dute kirol hau bizirik mantentzeko. "Askotan ikusten ez den lan handia dago atzean", gogorarazi du berak.
Sierrak, bere aldetik, bi kluben arteko lehiak maila handia mantentzen laguntzen duela nabarmendu du: "Denboraldian zehar bi kluben artean rifi-rafe hori dago, baina egia da hori dela maila altua mantentzen duena".
Ziskarrek ere harrotasun handiz bizi du bi kluben ordezkaritza. Azaldu duenez, bai Sopelak eta bai Armintzak aspaldi dute izen bat erreminta mailan, eta horren atzean lan handia dago, askotan "ikusten ez den lana". Kurenen txikitatik pilotarekiko zaletasuna lantzen saiatzen direla, eta azken urteetan eskuzko modalitatean ere gazteak nabarmentzen hasi direla dio. Armintzaren kasuan, herri txiki batetik hainbeste pilotari on ateratzea nabarmendu du; sekretua, bere ustez, argia da: "Lana, lana eta lana".
2030era begira
Euskal Selekzioaren lehen Munduko Txapelketa ofiziala mugarri bat izan da, baina protagonistek hasiera besterik ez izatea espero dute. Gordonen ustez, txapelketari esker, aukera berriak zabaldu dira, ez bakarrik gaur egungo pilotarientzat, baita atzetik datozen belaunaldientzat ere: "Orain badaukate beste helburu bat, Munduko Txapelketa batean Euskal Herria ordezkatzeko aukera. Horrek motibazioa eta ilusioa sortzen ditu, eta gure kirolari ikusgarritasun handiagoa emateko ere balio dezake".
Ziskarrek ere etorkizun "itxaropentsua" ikusten dio selekzioari; frontoietan "beste poztasun bat" sumatzen dela dio. 2030eko Munduko Txapelketa Bilbon jokatuko dela azaldu du, eta pilotari askorentzat hara ahalik eta ondoen heltzea izango dela helburu nagusia, Euskal Selekzioaren kamisetagaz jokatzeko.
Lehenengo esperientziak ilusioa piztu du, eta, hemendik aurrera, etor daitezkeen aukerei begira daude. Markel Sierrak, behintzat, argi dauka zer gura duen: "2030ean, Euskadi munduko txapelduna".