Kirolak 2004-06-12 00:03

Punta Galea Txirrindulari Taldeak proben antolaketa bertan behera utzi du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ezohiko Batzar Nagusian, egutegiko proba guztiak bertan behera uztea erabaki du Punta Galea Txirrindulari Elkarteak, itzulien antolaketa segurtasunez ezin baitu burutu. Gaur egun probetan indarrean dagoen araudiak dauzkan gabeziak kubritu ahal izateko beharrezkoa izaten da aseguru-polizak izenpetzea eta ezinezkoa egiten zaio taldeari. Izan ere, 37.000 euro ordaindu behar dituzte antolatu zuten itzulietako batean gertatu zen istripu batengatik kopuru hori ordaintzera behartzen duen Justizia Auzitegiko epai baten ondorioz. Epai horretan istripuaren erantzule zibiltzat jotzen dute Punta Galea.
  Kirolak 2004-06-12 00:03

Bizkaiko arraunketa sustatzeko estropada egingo da bihar Areetako kaian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Raspas Arraun Taldeak antolatuta eta Getxoko Udalaren babestuta, Bizkaiko arraunketa sustatzeko batel estropada egingo da larunbat honetan, 11:00etatik aurrera, Areetako kaiatik abiatuta. Besteak beste, haurren eta kadeteen kategorietan lehiatuko dira eta Bizkaiko arraun talde talde onenek parte hartuko dute: Mundaka, Isuntza, Arkote, Santurtzi, Zierbana, Deustua, Lutxana, Raspas...
  Kirolak 2004-06-12 00:02

Emakumeen Bira Sopelan hasi eta amaituko da igandean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Iurreta Txirrindulari Elkarteak antolatuta, XVIII. Emakumeen Biraren laugarren etapa hartuko du Sopelak igande honetan. Lasterketa nazioarteko egitarauan onenetarikoa da, Euskal Herriko hainbat udalerrietatik igarotzen da. Baina Sopelan are garrantzi handiagoa edukiko du. Izan ere, Frantziako Tourra hirutan irabazi duen Joane Somarriba sopeloztarrak parte hartzen du biran. Irteera 10:30ean izango da. Besteak beste, Urduliz, Butroe, Gatika, Andraka eta Barrikatik igaroko da 88,8 kilometroko etapak.
  Kirolak 2004-06-04 22:19

Lapurdiko Baigura mendian poztontzia jarriko du Itxas Argiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetan Bidarraira (Lapurdi) irteera antolatu du Itxas Argia Mendi Taldeak, Baigura mendi tontorrean kirol elkarte getxoztarraren adierazgarria den postontzia jartzeko asmoz. Izan ere, Galearako bidean dagoen Aixerrota irudikatzen du aipatutako buzoiak eta "mendigoizale guztiek Itxas Argia taldea eta Getxo herria bera ezagutu dezaten" jarriko dute 897 metro altuerako mendi puntan. Jartzen duten laugarren postontzia izango da igandekoa. Aurretik, Eskaurre (Nafarroa), Ainuitz (Bizkaia) eta Aztio (Gipuzkoa) mendietan ere jarri dituzte.
  Kirolak 2004-06-03 23:49

Munduko surflari gazte onenak asteburu honetan Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Asteburu honetan Arrietara hondartzan ospatuko den Billabong Pro Junior Sopelana 2004 surf txapelketaren aurkezpena hartu zuen atzo Sopelako udaletxean. Besteak beste, Euskal Herriko Surf Federazioak antolatuta eta Billabong babesle nagusia delarik, Bizkaian egiten den lehenengo aldia da. Horrela, ekainaren 4, 5 eta 6a bitartean, munduko surflari gazte onenak elkartuko dira bertan, Thaiti, Guadalupe, Maroko... etorritakoak, hain zuzen ere. Hala ere, euskal ordezkariak ez dira gutxiagorako izango. Irabazteko aukera garbiak dituzten Aritz Aramburu eta Hodei Collazo zarauztarrak ere lehiatuko dira.
  Kirolak 2004-05-25 22:41

Haur kategoriako bi jokalarik irabazi dute Barrikako tenis txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Barrikako Abaroa Tenis Taldeak antolatuta, pasa den igandean (maiatzak 23) jokatu ziren Gazteentzako Udaberriko I Tenis Txapelketako finalak. Besteak beste, Erik Beci gazteari gailendu zitzaion (6/3 – 6/4) Andoni Vivanco, mutilen artean. Neskei dagokionez, Naroa San Pedro irabazi zuen (6/4 – 7/5) Maria Barredek. Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, eguraldiak lagundu zuenez eta jokalariek emandako maila onari esker, partida politak ikusi ahal izan ziren Barrikako tenis pistetan.
  Kirolak 2004-05-24 23:54

Astrabuduan 8.000 metro koadro lur erosiko dituzte futbol zelaiak egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astrabuduan bi futbol zelai egiteko, Erandioko Udal Batzordeak lursailen jabeekin lortutako akordioa begi onez ikusi du udalerriko Hirigintza Arloak. Horrela, kirol instalazio berriak jarriko dituzten orubeen hamar jabeei 7.866,20 metro koadro lur erosteko erabakiari bidea emango zaio datorren ostiralean egingo den udalbatzarran.
  Kirolak 2004-05-13 22:58

Maiatzaren 15ean irekiko da berriro Fadurako frontoietako eraikina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gobelako Udal Kiroldegiak datorren urteko otsaila-martxoa aldera irekiko ditu ateak

Datorren larunbatean, Fadurako frontoien eraikina irekiko da berriro. Udal Kiroldegitik ohartarazi dutenez, tenis, padel, atletismo, rugby zelaia, eta oro har Fadurako haize ageriko eremu guztietara, frontoietako eraikinetik sartu beharko da hemendin aurrera. Makaletako Etorbideko behin behineko sarrera 15ean bertan itxiko da.

  Kirolak 2004-05-13 00:21

Joane Somarribak Euskal Herritar Unibertsalaren Saria jasoko du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lehendakaritzaren esanetan, sari honekin euskal txirrindularitza saritu nahi dute: profesionalak, babesleak, taldeak eta zaleak

Joane Somarriba txirrindulari sopeloztarrak Euskal Herritar Unibertsalaren Saria jasoko du aurten. Lehendakaritzaren hitzetan, sari honekin euskal txirrindularitza osoa saritu nahi dute: profesionalak, babesleak, taldeak eta zaleak. Bizikletaren gainean lortu dituen arrakastengatik ez ezik, bizitzan izan duen ibilbideagatik eta munduan zabaldu duen Eskadiren irudi positiboagatik ere emango diote saria.

Gehiago irakurri
  Kirolak 2004-05-07 23:25

Piraguaz gozatzeko aukera dago igandean Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ur-kirolak atsegin dituzten guztiek piraguismoa ezagutu eta praktikatzeko aukera edukiko dute maiatzaren 9an. Izan ere, Ate Irekien Jardunaldiak antolatu ditu, igande honetan, Barrika Piragua Taldeak. Besteak beste, mota desberdinetako piraguetan (hasierakoak, turismorakoak, lehiaketarakoak...) ibili ahal izango dira, 10:00etatik 13:00etara edota 16:00etatik 18:00etara, klubeko intalazioetan (San Telmo aurrean) batzen direnek. Hori bai, antolatzaileek adierazi dutenez, beharrezkoa da igeri egiten jakitea. Hala ere, monitore adituen laguntza izango dute parte-hartzaileek.
  Kirolak 2004-05-05 21:11

Udako kirol ikastaroetan 520 plaza eskainiko ditu Fadurak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Fadurako Udal Kiroldegiak uztailean eta abuztuan eskainiko dituen kirol ikastaroen egitaraua ezagutzera eman du dagoeneko. 520 plaza eskainiko dira eta lehendabiziko aldiz zozketa bidez lortuko dituzte interesatuek. Horrela, maiatzaren 17tik ekainaren 11ra bitartean ikastaroetan parte hartu nahi dutenek txartel bat hartu ahal izango dute (txartel bat familia bakoitzeko). Zozketak, beraz, ekainaren 16tik aurrera egin ahal izango diren matrikulen ordena zehaztuko du.
  Kirolak 2004-04-27 21:51

EHUk osasunaren aldeko martxa antolatu du iganderako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Unibertsitatea tipi-tapa osasunez" izeneko lehenengo martxa antolatu du maiatzaren 2rako EHUk. Lasterketa Bilbon hasiko da, Leioako campuseko Martxoaren Hamaika kiroldegi berrian bukatzeko. Unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez, martxan unibertsitate-komunitateko eta populazio osoko kideek har dezakete parte. Ekimenak ez du lehiaketa-izaerarik izango, eta bere helburuen artean, EHUk Bilbon dituen zentroak eta Leioako campusa lotzea dago. Halaber, unibertsitate-komunitatean eta populazio osoan osasunaren zainketa bultzatzea lortu nahi du. Izen-emateak dohainik egin daitezke ostegunera arte (apirilak 29), EHUko Bizkaiko Kirol Zerbitzuaren Bulegoetan (94 601 58 94), zentro bakoitzeko Unibertsitate Orientazio Zentroko bulegoetan, edota Bilboko EHU-BBK Etxeko Atezaindegian. Antolakuntzan parte hartzen duten ikasleek aukera askeko kreditu bat jasoko dute.
  Kirolak 2004-04-07 20:15

Apirilaren 18an egingo da Javier Otxoa Klasikoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Apirilaren 18an, goizeko bederatzietan abiatuko da, Algortako Fadurako belodromotik, Javier Otxoa Klasikoa izenez ere ezaguna den Randonné Punta Galea lasterketaren hemeretzigarren edizioa. Bereziki txirrindularitzaren jarraitzaile eta zaletuentzako diseinatutako proban, bi ibilbide egongo dira: lehenengoa 100 kilometrokoa eta bigarrena 82koa. Izena emateko kuota 8 eurokoa izango da txirrindulari federatuentzat eta 20 eurokoa federatu gabe daudenentzat. Javier Otxoa Lasterketa Klasikoa federazio lizentzia duten zikloturistentzat zabalik dago. Aitzitik, baimen egokirik ez dutenek, aldez aurretik federazio lizentzia eskuratuta parte hartu ahal izango dute. Lizentzia hori egun baterako izango da baliagarria eta horren izapidea lasterketan izena ematerakoan egingo da, lasterketa egunean bertan, 8:00etatik aurrera, irteera lekuan. Javier Otxoak berak ere parte hartuko du.
  Kirolak 2004-03-17 19:35

Diman espeleologia-ibilaldia antolatu du Berangoetako Kultur Etxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Karabigane futbol taldearen argazki erakusketa ikusgai

Martxoaren 27an (larunbata) Dimara irteera antolatu du Berangoetako Kultur Etxeak, bertan egingo den espeleologia-ibilaldian parte hartzera berangoztar guztiak anima daitezen. Metro geltokitik izango da irteera, 8:30etan, eta 19:00etan itzuliko dira. Martxoaren 21ean (igandea) amaituko da izena emateko epea, Simon de Otxandategi kaleko 64 zenbakian dagoen Berangoeta Kultur Etxean. Berangon erroldatuta daudenek 10 euro ordaindu beharko dute Dimara joan ahal izateko; beste herrietakoek, berriz, 12 euro. Informazio gehiagorako: 946 682 143
  Kirolak 2004-03-17 19:15

Kuartangoko (Araba) Arangatxa mendira irteera igandean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arabako Kuartango herrian dagoen Arangatxa mendira irteera antolatu du, martxoaren 21ean, Astrabuduako Atxazpe mendi taldeak. Udalerri horretako Andagoia auzotik hasiko da igoera. Joan nahi duten guztiek, bihar izango dute izena emateko aukera, 944 671 901 telefono zenbakira deituz, 19:00etatik 20:30etara.

  Kirolak 2004-02-05 23:23

Euskadi Irratiko 2003ko Kirolari Onenaren Saria jaso du Joane Somarribak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joane Somarriba txirrindulari sopeloztarrak Euskadi Irratiko 2003ko Kirolari Onenaren Saria jaso du gaur Odile Kruzeta zuzendariaren eskutik. Ekitaldia Oiongo Faustino etxean egin da bertako nagusiek ere saritu egin nahi izan baitute.

Euskal Herri osoko 41 entrenatzaile eta aditu izan dira botoa ematen, horien artean, besteak beste, Raynald Denouiex, Ernesto Valverde, Javier Agirre, Pepe Mel, Jose Mari Amorrortu, Julian Gorospe, Sabino Angoitia, Dusko Ivanovic.
  Kirolak 2004-01-16 20:32

Bidean dago Kirol Portuan arraun-pabiloia egiteko proiektua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako Arraun Taldeak eta Raspas-ek erabiliko luketen arraun-pabiloia Getxoko Kirol Portuan egiteko asmoa, berriro ere, azaldu du Inaki Zarraoa alkateak. Berak aipatu duenez, "negoziaketak oso aurreratuta" daude Kirol Portua Elkartea eta Getxo Kaiarekin. "Alderdi guztiek beren borondatea agertu dute akordio batera iristeko, eta proiektuaren idazketarako aurrekontu bat prestatuta dago. 2004ko lehen sehilekoan egingo da", adierazi du Zarraoak.
  Kirolak 2004-01-08 20:35

Ugeraga Txirrindulari Elkartean izena emateko epea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizikleta gogoko duten haur eta gazteek Ugeraga Txirrindulari Elkartean izena emateko aukera izango dute, 7 eta 18 urte bitartekoak hurrenez hurren. Nahi duten guztiek taldeak Sopelako Kultur Etxean duen egoitzara joatea besterik ez daukate, asteazken eta ostiraletan, 19:00etatik 20:00etara. Edo 610522268 telefonora deitu.
  Kirolak 2004-01-02 21:36

Unbeko umezurtzen aldeko tiro-lehiaketa igandean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Unbeko umezurtzen aldeko tiro-lehiaketa egingo da igande honetan, Kurkudin, Leioako tiro eta ehiza elkartearen eskutik. Jarri dituten hiru modalitateetako batetan izena emateko epea 10:00etatik 12:30etara izango da eta 12 euro ordaindu beharko dute partehartzaileek. Proba osoa egin nahi dutenek, berriz, 30 euro ordaindu beharko dute. Azkeneko hauek 15 plateri tiro egin beharko diete foso txikian, eta beste horrenbeste, foso olinpikoan eta ehiza ibilbidean.
  Kirolak 2003-12-26 22:06

Dena prest euskal futboleko jaialdi handirako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Dena dago prest bihar Euskal Selekzioak Uruguayen aurka jokatuko duen partidarako. Sarrera guztiak ia agorturik daude jada, San Mames bete-betea egongo den seinale, euskal futbolaren jaialdi handia ospatzeko.

Gainera, urtero legez, Ibilaldia ere bere lekua edukiko du berdegunean. Aurten, Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastoletako haurrek ikuskizun paregabea antolatu dute biharko, partida hasi aurretik.