Udal Gobernuak aurkeztutako HAPOri helegiteak egiteko epea urtarrilaren 16an amaitu zen. Denok dakigun bezala, HAPO batek herri bat irudikatzen du; irudikatzen du herritarren arteko elkarbizitza, herritarren mugikortasun eredua, herritarren harremantzeko modua, elkarzaintza eredua, genero politika bat dakarkigu, eredu ekonomikoa... eta beste hainbat eta hainbat politikaren oinarri da HAPO. Tamalez, Udal Gobernuaren HAPO errezeta zaharrenetan oinarrituta dago. Aurreko HAPOren jarraipena da, helmuga katastrofiko (zentzu guztietan) berbera baitu norabide.

EH Bildutik bestelako herri eredua posible dela uste dugu. Hori dela eta, zazpi helegite aurkeztu ditugu proposamen zehatzak eginez honako gai hauen inguruan: etxebizitza, ingurumena, ondarea, mugikortasuna…:

  • HAPOtik Tosu, Muru eta Peña Santa Marina sektoreak kentzea. Ez ditugu Getxori geratzen zaizkion berdegune urriak zementuz betetzen jarraitu nahi, eta ez dugu onartzen etxebizitza eta baserri historikoak eraistea.
  • Martiturriko sektorea ere bertan behera uztea. Jarduera ekonomikoak herri osoan sakabanatzea da gure proposamena, eremu bakar batean egin beharrean. Gainera, bertako bizilagunak ez daude ados Udalaren planteamenduarekin.
  • Eraikin babestuen katalogoa handitzea HAPOk jasotzen ez dituen 200 baserri eta etxebizitza berezi baino gehiago jarriz. Ezin dugu jarraitu Getxoko historia eta nortasuna galtzen. Zoritxarrez, adibide gehiegi izan ditugu.
  • Getxoko eraztun berdea sortzea; hau da, Mimenagako padura ekologikoki berreskuratzea proposatu dugu: uholdeak ekiditeko gune basati bat sortuz, bertako baso batekin, putzuekin... Mimenagak Azkorri eta Bolueko hezegunea lotuko lituzke, Getxoko Eraztun Berdea sortuz.
  • Trinitarios enpresaren jarduera geldiaraztea (ez dugu lurrazpiko beste aparkalekurik behar); batzokiko patioko pelotazoa (erabilera publikoko plaza bat sortzeari emango diogu lehentasuna) eta metroa lurperatzeko lehen urratsak ematea.
  • Etxe hutsen gainean neurriak hartzea; alokairu sozialeko etxebizitzei lehentasun osoa ematea; herriguneetan eraikiko diren etxebizitzak babes ofizialekoak izatea; eta Guardia Zibilaren kuarteleko lurretan etxebizitza babestuak sortzea.
  • Zubiletako sektoreari buruzko helegitea ere aurkeztu dugu; izan ere, inguruko bizilagunekin batera idatzi behar da plana, adostuta eta parte hartuz. Ez dugu onartzen etxebizitzen eraispenik bertakoen baimenik gabe. Era berean, eremu bat mugatu dugu birlokatzeetarako.
  • Algortako Portu Zaharra gentrifikaziotik babesteko asmoz, bertan pisu eta etxe turistikoak guztiz debekatzea proposatu dugu. Beheko berdegunea ere bere horretan mantentzea ere lehenetsi dugu, eraikuntzatik ihes egiteko.
  • Getxobus eta taxi bezalako proposamenez gain, bidegorrien sarea handitzeko benetako apostua egitea proposatu dugu; besteak beste, Maidagan, Algortako Etorbidea, Sarrikobaso, Errotatxu-Artatzarekiko lotura, Telletxe hobetzea, etab.

Baina alegazioak aurkezteaz gain, behar-beharrezkoa izango da kalean ere bestelako HAPO edo herri-eredua behar dugula ozen aldarrikatzea. Horregatik, EH Bilduk bat egingo du martxoaren 25ean HAPOren kontrako plataformak deitutako mobilizazioarekin.