Barrikabaso auziko kalte-ordaina zortzi urtetan ordaintzea gura du Barrikako Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 7a, 13:21
Babes bereziko gune gisa izendatuta dago Barrikabaso ingurua.

Bizkaiko Foru Aldundiak daborduko ordaindu du Barrikabaso auziari lotutako 1,5 milioi euroko kalte-ordainaren % 50a. Hala, bigarren zatia Barrikako Udalari dagokio ordaintzea. Horretarako, EAJk 8 urteko ordainketa-plana aurrera eramatea proposatu du.

Joan den eguazteneko osoko-bilkuran ordainketa-plan horren nondik norakoak azaldu zituen Gobernu-taldeak. Bozketara eraman ostean, planak EAJren (3 zinegotzi) eta iBarrikaren (zinegotzi bakarra) aldeko botoak lortu zituen; EH Bilduk (3 zinegotzi) eta Orain Barrikak (zinegotzi bakarra), aldiz, proposamen horren kontra agertu ziren. Hala, Roberto Muñoz alkatearen aldeko bozkak ordainketa-plana aurrera egitea ahalbidetu du. Orain epaile batek onartu behar du plan hori.

Hartara, Barrikako Udalak 760.000 euro inguru ordaindu beharko ditu. Horri aurre egiteko, 200.000 euroko lehenengo ordainketa bat egitea aurreikusten du planak. Ondoren, hilabetero 5.836,80 euro ordainduko dituzte, 8 urtez.

Barrikabaso auziagatik, 1,5 milioi euroko kalte-ordaina

Barrikako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 1,5 milioi euroko kalte-ordaina eman behar diote hiru enpresa eraikitzaileri. Hala ebatzi zuen iaz EAEko Auzitegi Nagusiak eta, Barrikako Udalak ez du helegiterik aurkeztu, ezta enpresek ere.

Barrikabasoko gune babestuan daborduko eginda dauden hamalau luxuzko txalet legez kanpokotzat jo zituen 2009an Espainiako Auzitegi Gorenak, horien eraikuntza baimentzeko lurren kalifikazioa legez kanpokoa izan zelakoan. Interes paisajistiko handiko tokia da eta "babes bereziko gune" izendatua du Eusko Jaurlaritzak Barrikabaso; hortaz, ezin da lurrotan eraiki. 1998an, ordea, bertako hemeretzi hektareako eremuaren kalifikazioa aldatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, Muriola eta San Telmo sektoreetan: lur urbanizagarri izendatu zituen, luxuzko 85 txalet eta babes ofizialeko hamabi etxebizitza eraikitzeko. Kalifikazioak ontzat hartzen zituen foru-agindua atzera bota zuten azkenean, eta horrek eragindako kalteengatik, Astarloa 91, Arne Muriola eta Abandonada Muriola enpresa sustatzaileek 24,6 milioi euroko kalte-ordaina eskatu zuten. Halere, Auzitegi Gorenak onartutako kalte-ordaina txikiagoa izan da: 1,5 milioi eurokoa, 230.631 euro Muriola sektoreko kalteengatik eta beste 1.290.033 euro San Telmokoengatik. 

Auziaren aurrekariak

Barrikako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Barrikabaso inguruko jabeakaz 349 txalet, hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko hitzarmen bat sinatu zuten 1990an lur-eremuaren ugazabakaz. Halere, urte bi lehenago Eusko Jaurlaritzak babestu beharreko gune izendatu zuen inguru hori, daukan paisaia-balioagatik. Udalak proiektua alde batean utzi zuen, behin-behinean. Halere, urte batzuk geroago lursaila birsailkatu eta 85 txalet eta babes ofizialeko hamabi etxebizitza eraikitzeko proiektua onartu zuen. Foru Aldundiak operazioa ontzat eman zuen. Horren aurrean, Txipio Bai talde ekologistak hori guztia salatu eta hiru sententziak birsailkatze hori legez kanpokotzat jo dute. Horiek denek eraikitako 14 txaletak botatzea onartzen zuten, baina ekologistek bestelako irtenbide bat bilatu zuten. Hala, Udalak eta talde ekologistak Barrikabaso babes bereziko gunea izendatzea adostu zuten, 2015eko akabuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun