Neandertalen garaiko egurrezko erreminta bat aurkitu dute Barrikan

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 5a, 15:07

Aranbaltzan aurkitutako lanabesa eta material organikoa. © JOSEBA RIOS

Duela 90.000 urte neandertalek hagin-egurrez egindako erreminta bat aurkitu du nazioarteko arkeologia-talde batek Barrikako Aranbaltza aztarnategian. Lanabesa 15 zentimetroko punta bat da, eta oso ondo kontserbatuta dago. Adituek diotenez, aurkikuntza hori neandertal-taldeak inguruotan ibili zirela ondorioztatzeko beste ebidentzia bat da.

Aurkikuntza hori joan den martxoaren 28an argitaratu zuten "Plos One" aldizkari zientifikoan; Cenieh Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko, Frantziako Recherches Archéologiques Préventives Institutu Nazionaleko, EHUko, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko eta Burgoseko eta Kantabriako unibertsitateetako adituek parte hartu dute ikerketan.

Egurrezko lanabesa ikertu ondoren, adituek ondorioztatu dute 90.000 urtekoa dela eta, hortaz, neandertalek egindakoa dela. "Jakin ahal izan dugu hagin-adar bat luze moztu zutela eta, ondoren, zorroztu egin zutela harriz egindako beste erreminta bategaz. Horren ostean, gainera, sua erabilita gogortu zuten", azaldu dute arkeologoek. Lehenengo hipotesien arabera, lanabesa lurra zulatzekoa zen.

Egurrezko lanabesak, arraroak Europan

Adituen arabera, Europa mailan oso zaila da 40.000 urtetik gorako egurrezko erremintak aurkitzea, material organiko hori oso erraz degradatzen delako. Hori dela eta, soilik ingurune "oso berezietan" aurki daitezke mota horretako piezak, hala nola Aranbaltzako sedimentu istilduetan, "gehiegizko ur horrek eragiten duen oxigeno faltak material organikoaren usteltzea atzeratzen duelako".

Gaur egunera arte, Iberiar penintsulan Bartzelonako Abric Romaní sedimentu trabertinoetan soilik aurkitu dira mota horretako materialak. Europan, aldiz, lau aztarnategitan bakarrik topatu dituzte egurrezko lanabesak: Clacton on Sea-n, Schöningen-en, Lehringen-en eta Poggeti Vechi-n. Hortaz, Aranbaltzako aurkikuntza horrek Erdi Paleolitoko teknologia hori aztertzeko bidea erraztuko dio adituei, "lanabes arraroak dira erregistro arkeologikoan, baina badirudi asko erabiltzen zutela garaiotan material hori".

Aranbaltza aztarnategia

Historiaurreko 65 aztarnategitik gora daude katalogatuta Uribe Kostan, eta horietan Behe Paleolitotik erromatarren garaira arteko aztarnak aurki daitezke. Hala ere, horien denen artean nabarmentzekoa da Barrikako Aranbaltzakoa. 2013an hasi ziren indusketa-lanak inguru horretan, Joseba Rios arkeologo algortarra zela beharren buru. Châtelperrondarren zantzuak aurkitu dira bertan, azkenengo neandertalen eta lehenengo gizaki modernoen arteko trantsizio-frogak izan daitezkeenak.

Riosek azaldu duenez, Châtelperrondar aldiko aztarnak leize bitan bakarrik agertu dira Hego Euskal Herrian; "Ipar Euskal Herrian aire zabaleko bestelako aztarnategiak ere badaude, baina Iberiar penintsulan, bertokoak eta Kantabriako Morin koba dago, besterik ez". Horrez, gainera, Aranbaltzan aurkitutakoa nabarmendu du, "daukagun erregistroa oso aberatsa da Barrikan". Modu berean, neandertalen okupazio bat berreskuratu da bertan, aire zabaleko kanpamentu bat dirudiena. "Horrelakoak oso gutxitan aurkitu dira. Eurak nola bizi ziren ikusteko aukera ematen digu horrek, nola antolatzen ziren eta zelan bizi ziren haitzuloetan ez zeudenean. Etxolak egiteko ahalmena zuten", adierarzi du arkeologoak.

Châtelperrondar aldiko aztarnez gainera, beste zenbait garaitako zantzuak ere aurkitu dituzte Barrikan. Aranbaltza III izeneko aztarnategian ibili dira aurten lanean, eta adituaren arabera, han aurkitu dituzte bertako elementurik zaharrenak, 100.000 urte ingurukoak. "Zorte handia izan dugu. Bertan baldintza paregabeak daude kontserbaziorako eta egur fosila zein bestelako material organikoa aurkitu dugu". Modu horretan, garai hartako pertsonek zer jaten zuten edo inguruko klima eta natura zelakoa zen jakiteko aukera dagoela argitu du arkeologoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun