Zelan doaz festak antolatzeko lanak?
Apur bat zoratuta gaude, azken orduko aldaketak egon direlako aurretiko lanak koordinatu behar dituen taldean. Hala ere, gure aldetik dena dago prest. Aldez aurretik lan handia egin dugu, baina oraindino azken ukituak ematen gabiltza, hala nola karpak, argiak eta txosnaren kontu denak.
Zenbat lagunek osatzen duzue jai-batzordea?
Bederatzi gizon-emakumek osatzen dugu taldea. Hala ere, badago laguntzen duen jende asko eta udalerriko hainbat elkartek ere hainbat aktibitatetan laguntzen du, baita ekimen batzuk antolatu ere.
Berritasunik egongo da aurten jaietan?
Aurreko urteetako ildo berdina jarraitu dugu aurten ere, badakigulako harrera ona duelako horrek. Adin denentzako ekitaldiak antolatuko ditugu, eta jatekoa nabarmenduko da denaren gainetik. Gainera, aurten Udalak Itsas Merkatua antolatu du aurrenekoz.
Apurka-apurka, pala-txapelketa indarra hartzen dabil, ezta?
Urteak daramatzagu Barrikako jaietan pala-txapelketa antolatzen eta urtez urte norgehiagoka hori indarra hartzen ari da, emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan. Berbarako, iaz gizonezko 20 bikote, 8 bikote misto eta emakumeen lau bikote egon ziren; aurten, aldiz, mutilen 36 bikotek, 25 mistok eta emakumeen 12 taldek parte hartuko dute, eskualdeko txoko denetatik etorrita.
Zer esango zeniokete jendeari Barrikara jaietara hurbiltzeko?
Goserik ez duela pasako eta oso ondo pasatuko duela, lagunartean eta lasaitasun osoz. Auzokideei ere dei egiten diegu jaietan parte hartzera, jai parte-hartzaileak gura ditugulako.
Nor gonbidatu duzue San Juan gauerako?
Aurten Zirkozaurre elkarteak dinamizatuko du gaua, baita sua piztu ere. Suan oinarritutako ikuskizuna egingo dute, malabareakaz eta bihurrikariakaz, besteak beste. Ea eguraldiak laguntzen duen.
Egitaraua:
Ekainak 21, eguena
- 19:00 Txupinaren jaurtiketa eta pregoiaren irakurketa, Txintxilandia plazan.
- 20:00 Sardinada herrikoia eta sagardo-festa.
- 18:00-22:00 Familia-arteko disko-festa, Disko Arima Eroa taldeagaz.
Ekainak 22, barikua
- 16:30-19:30 VIII. Multikirol jardunaldia, Barrikako piragua taldearen, Abaroa Tenis Taldearen eta Barrikako futbol-eskolaren eskumenez.
- 17:00-19:00 Zirko-tailerra.
- 18:00 Billar-txapelketa, Jubibarrikaren eskumenez. Nagusien Etxean.
- 19:15-20:00 Kale-antzerkia, Vademekum.
- 20:00 Saiheski-jana.
- 21:00 Guda Dantza eta Garilak 26 taldeen kontzertuak.
- 21:00-01:00 V. Emakumezkoen gaueko padel- eta tenis- txapelketa, Barrikako Tenis taldearen eskumenez. Izen-ematea: Abaroa Tenis taldearen bitartez.
Ekainak 23, zapatua
Ordua zehazteke Barrikako VIII. Pala txapelketaren finala
- 11:30-14:00 XLII. Sukalki txapelketa. Izen-emateak: 11:00etan Txintxilandia plazan.
- 11:30-14:00 Umeen Eguna.
- 15:00 Sukalki txapelketaren sari-banaketa.
- 17:00-19:00 Mus arin txapelketa, Jubibarrikaren eskumenez. Nagusien etxean.
- 18:00-19:00 Skratx antzerki-emanaldia.
- 18:30 Dantza-plaza, Aikoren eskumenez.
- 21:00-01:00 IV. Gizonezkoen gaueko padel- eta tenis- txapelketa.
- 21:30 Tai-xi erakustaldia.
- 22:00 Silexagaz sua egiten ikasteko erakustaldia.
- 22:30-23:30 San Juan sua ikuskizuna, Zirkozaurre akelarreagaz.
- 23:30 Roca&Rollo taldearen kontzertua.
- 23:30 Txokolate-dastaketa.
Ekainak 24, domeka
- 10:00 XXIV. Nekazaritza eta Artisautza azoka.
- 11:00 Meza Nagusia.
- 11:30-13:00 Bertsolariak azokan zehar, Josu Landeta eta Aritza Landeta bertsolariakaz.
- 11:30-14:00 Haurrentzako parkea, puzgarriak.
- 12:00 San Juan pala-txapelketa, profesionalak afizionatuen aurka.
- 12:00-12:30 Barrikako Aita Gotzon abesbatza eta Sopelako Lagun Artean abesbatzaren kontzertua.
- 13:00-13:30 Barrikako euskal dantza-taldea eta trikitilariak, Emakumeen Hitza Elkartearen eskumenez.
- 14:00 Barazki-txapelketako sari-banaketa, udaletxeko plazan.
- 15:00 Herri-bazkaria. Nagusiek 15 euro eta umeek 10 euro. Tiketak udal-liburutegian eros daitezke, ekainaren 20ra arte, 16:30etik 20:30era.
- 16:00-18:00 Eurodantza.
- 18:00 Korri, Xalto eta Brinko pailazoak.
- 18:00 Barrikako harri-jasoketa txapelketa, Meñakotz hondartzatik ekarritako harriagaz.