Barrika da jardunean dagoen alkatea berriro ere zerrendaburu aurkeztuko den Uribe Kostako lau herrietako bat. Bertako EAJren Uri Batzarrak iazko ekainean aukeratu zuen, bai aho batez aukeratu ere, 2015etik aginte-makila duen Roberto Muñoz, datorren maiatzaren 26ko hauteskundeetan alkategai izateko. Honenbestez, Muñozek karguan gutxienez beste lau urtez segituko duela dirudi, batez ere azken hauteskunde orokorren emaitzari begiratzen badiogu, botoen %40 eroan baitituzte jeltzaleek.
Komeni da, baina, apirilaren 28ko datua erabateko erreferentziatzat ez hartzea, udal-hauteskundeetan talde independenteek ere zeresana baitute. Barrikan bi aurkeztuko dira, eta biek ere zinegotzi bana daukate gaur egun. Horietako bat iBarrika da, azken agintaldian Juan Jose Ezpeleta alkate ohia izan duena ordezkari nagusi. 2011ko hauteskundeetan, euren estreinaldian, indarrez sartu ziren udalbatzan, zinegotzi bi lortuta, nahiz eta batek taldea utzi eta adskribatu gabe egin zuen agintaldia. Orain, zinegotziari eusteko asmoa dute gutxienez, zerrendaburu Josemari Elorriaga aurkeztuta.
Beste talde independentea Orain da. 2015ean aurkeztu ziren bai Barrikan bai Sopelan, Podemosek zelanbait babestutako udal-hautagaitzen olatuaren barruan, eta bietan lortu zuten ordezkaritza. Oraingoan, ordea, Barrikan baino ez dute eratu hautagaitza, zinegotzi modura ibilbide luzea duen Heri Lago-Lekue zerrendaburu dutela.
Bigarren indarra izan ohi den EH Bilduk, bere aldetik, berritutako zerrenda aurkeztu du, gaur egungo hiru zinegotzietatik bakar bat ere ez baita egongo datorren agintaldian. Alkategai izateko Miren Tubet aukeratu du 2015ean EAJtik nahikoa hurbil geratu zen indar abertzaleak. PSE-EEk eta PPk ere hautagaitzak dituzte, baina bata zein bestea udaletxetik kanpo daude 2011tik, eta zail dute berriro sartzea, popularrek batez ere.
Herriari bizia eman
"Orain dela hogei urteko gauza berak eskatzen gabiltza", diosku Josemari Elorriaga iBarrikako alkategaiak. Haren esanetan, azken hamarkadetan herriak izandako garapen-ereduak eragin du bertan bizitzeko diru askotxo eduki behar izatea, eta herriko jende askok beste leku batzuetara joan behar izatea. "Beste etxebizitza-eredu batzuk sustatu gura ditugu", azaldu du Elorriagak.
Herriko taldeek erabiltzeko moduko azpiegituren gainekoa izango da iBarrikak udalean bultzatuko duen beste eztabaidagai bat. Zentzu horretan, emakumeen elkarteari lokal bat uzteko asmoa agertu du Roberto Muñoz EAJren hautagaiak. Garraioari dagokionez, "auzotaxia bultzatu beharra" azpimarratu du Muñozek, "autobus-zerbitzuaren maiztasuna handitzeko eskatzen jarraituko dugun arren".