2019an zeharreko lau ekimen izango dituzte II. Historiaurrearen Jardunaldiek, eta horietako lehenengoa, zapatuan egingo dutena, bizileku neolitiko bat ahalik eta modurik zehatzenean berreraikitzea izango da. Edestiaurreko kideek azaldu dutenez, etxola eta dolmena eraikiko dituzte, eta hantxe ikusi ahal izango dira garaiko tresnak, zeramikak, armak, giza hilotzen simulazioak... "Ezohiko aukera" izango da halako gune bat zelakoa zen ikusteko, antolatzaileen esanetan.
Barrikako plazan paratuko dute erakusketa, eta ia egun osoan izango da ikusbide, eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 20:00tara.
Irailetik azarora, beste hiru ekimenak
Esan bezala, beste hiru ekimen izango dituzte aurtengo Historiaurrearen Jardunaldiek. Lehenengoa, irailaren amaieran, lasterketa berezia izango da: Neandertal trail-Spartak trail. Gutxi gorabehera lau kilometroko luzera izango duen oztopo-lasterketa izango da, Barrikan prestatutako zirkuitu batean egongo dena. Parte-hartzaileek hainbat oztopo gainditu behako dituzte, igeri egin, eskalatu... Diruko sariak emango dituzte.
Urrian, berriz, Madeleine aldiko propultsatzaile bidezko jaurtiketa-lehiaketa egongo da, iazko jardunaldietan legez. Kasu honetan ere saria egongo da dirutan.
Azkenik, azaroan Barrikan eta Uribe Kostan Neolito Aroa zelakoa izan zen azalduko dute berbaldi batean. Ostean, Bizkaiko Arkeologi Museora joan eta han gordeta dauden garai hartako materialak ikusteko aukera egongo da.