Historiaurrearen II. Jardunaldien barruan antolatu dute zapatuko lehiaketa; hain zuzen, jardunaldion egitarauak dituen lau ekimenetatik bigarrena izango da. "Barrikako udalerriak duen ondarea sustatzea da helburua", adierazi dute udal-iturriek. Bizkaian egiten den mota horretako lehiaketa bakarra da.
Iaz 50 lagunek parte hartu zuten lehiaketan, eta aurten jende gehiago hurreratzea aurreikusi dute, ikusmin handia sortu baitu ekimenak. Izan ere, Frantzia eta Alemaniatik hainbat lagun lehiatzera etorriko direla iragarri dute; Barrikan egongo da historiaurreko jaurtiketa-mota honen Espainiako txapelduna, Europako hirugarrena ere badena. Bizkaitik kanpo parte hartzera etortzen diren denei lo egiteko lekua emango zaie dohainik.
Izen-ematea 09:00etan hasiko da, eta lehiaketa 11:30ean (bitartean, 10:00etatik 11:00etara, arauak jakinaraziko eta entrenamenduak egingo dituzte). Modalitate bitan jokatuko da: punteria eta distantzia. Horietako bakoitzean lortutako puntuen batuketak emango du lehiakideen azken sailkapena.
12 urtetik aurrerako pertsonek parte ahal izango dute, baina diruzko sariak 19 urtetik aurrerakoei baino ez dizkiete emango, eta 100 eta 300 euro bitartekoak izango dira. Dominak ere banatuko dituzte, eta parte-hartzaile denek oparitxo bana jasoko dute.