Historiaren ganbara

Goazen Uribe Kostako historiaurrea ezagutzera

Iñaki Libano 2020ko urt. 24a, 09:20

Eskualdeko historiaurrearen lehenengo arrasto arkeologikoen berri eman zuen Antonio Aguirre Andrések 1955ean Materiales arqueológicos de Vizcaya lanean. Horri esker, José Miguel de Barandiaranek, eta Aguirrek berak, hainbat zundaketa egin eta La estación prehistórica de Kurtzia kaleratu zuten 1959an.

José Miguel de Barandiaranen arabera, Butroe ibaiaren eta Ibaizabal ibaiaren itsasadarren arteko kostaldea da Kurtzia, hau da, Plentzia eta Getxo udalerrien arteko eremua. 1959an argitaratutako La estación prehistórica de Kurtzia lanak argi utzi zuen zelako garrantzia izan zuen Uribe Kostak historiaurreari dagokionez. Gaur egunera bitartean, askotariko ikertzaileak lanean ibili dira inguruotan duela 300.000 urte gure arbasoek zelan bizi izan ziren argitu guran.

Bizkaiko historiaurrearen inguruko ikerketak kobazuloetako testuinguruei lotuta egon dira ia gehienetan. Uribe Kostan, aldiz, ez digu mota horretako establimendurik, ez dagoelako kobazulorik gurean. Bertoko geologia ez da karstikoa; horren ordez, arroka sedimentarioez osatutako formazio geologikoak ditugu, hala nola arbelak, margak eta hareharriak. Horiek lurzoruaren erosioa ahalbidetzen dute, kostaldeko gune oso egokiak sortuz establimenduak garatzeko aire zabalean, hareatzetan edo mendien magaletan, iturburuen ondoan, basoen inguruan eta itsasotik hurbil.Itsas-sedimentuz osatutako formazio geologiko horiek Flysch izena dute, eta duela 65 milioi urte sortu ziren. Barrika, Sopela, Plentzia eta Gorlizko lurmuturrak horien erakusgarri dira, oso bereziak, estratu bereziak eta geologikoki bakarrak direlako. Flysch horietan, gainera, naturan aurki daitekeen arrokarik gogorrenetako bat agertzen da: sukarria. Horren presentziak eragin zuen Uribe Kosta historiaurrearen lehen lerroan jartzea, Paleolito eta Neolito-Kalkolitoko aztarnategi ugari agertu baitira inguruotan.  

Sukarriaren gogortasunak eta hura hausteko erraztasunak askotariko erremintak sortzea ahalbidetu zuen. Izan ere, duela 300.000 urtetik duela 4.000 urtera arte, sukarria izan zen tresnak egiteko lehengai nagusia, eta horrexegatik igaro ziren horrenbeste gizatalde inguruotatik denbora-tarte horretan. Barrikako Kurtziomendi eta horren inguruko eremuak material horren harrobi garrantzitsuak izan ziren. Bertan oso erraza zen sukarria eskuratzea, baita arroka horiek lantzea ehizarako erremintak eta egunero erabiltzeko bestelako lanabesak egiteko, besteak beste.

Inolako esajeraziorik gabe esan genezake Kantauri isurialdean aire zabaleko aztarnategi gehien dagoen ingurua dela Uribe Kosta. Gainera, horietakoren bat Europako garrantzitsuenetako bat da enkoadratutako kronologia dela eta. Berbarako, Barrikako Errementariena, Meñakotz eta Aranbaltza; Sopelako Landaluze; Getxoko Aretxabaleta; eta Berangoko Agirremendi oso esanguratsuak dira eta azken urteotan askotariko ikerketak egin dira, baita emaitzak publikatu ere. Baina ez dira bakarrak. Azken 40 urteetan historiaurreko hainbat arori lotutako 60 aztarnategi baino gehiago aurkitu dira eskualdean sakabanatuta. Hala ere, argitu beharra dago Barrikan kontzentratzen direla gehienak, Kurtziamendiko sukarriaren gertutasunagatik hain zuzen.

Historiaurreko etapa ia denen aztarnak aurki daitezke gurean. Behe Paleolitoko arrastoak Sopelako Moreaga eta Mendieta zein Barrikako Errementariena aztarnategietan topa daitezke, duela 300.000-150.000 urtekoak. Erdi Paleolitokoak (duela 110.000-40.000 urte) asko dira inguruotan, hala nola Barrikako Kurtziamendi, Meñakotz eta Aranbaltza zein Berangoko Maritxuri eremuetan. Goi Paleolitoak ere presentzia nabarmena du eskualdean (duela 40.000-10.000 urte) Berangoko Agirremendi eta Urtubi; Barrikako Aranbaltza eta Meñakotz; zein Sopelako Iturralde eta Kukullu aztarnategietan. Neolito eta Kalkolitoari dagokionez, adierazgarriak dira Sopelako Landaluzen egindako aurkikuntzak, baita Barrikako Muriola, Aranbaltza eta Meñakoz zein Berangoko Urtubi aztarnategietan agertutakoak ere. Azken garaiotako tumuluak eta dolmenak ere ikus daitezke Sopela eta Berango arteko Munarrikolandan eta Gorlizko Arrimuniaundin.

Uribe Kostako historiaurreko arkeologiak potentzial handia du, eta hori jakinarazi eta babestu beharra dago. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun