Aurrekontuen alde bozkatu dute EAJren bost zinegotziek, eta aurka EH Bilduren bik (koalizioak duen hirugarren zinegotzia ez da osoko bilkuran egon), eta abstenitu egin da iBarrika taldeak duen bakarra.
Aurreikusitako jardueretatik, pilotalekua konpontzeko egitasmoa nabarmendu du udal-gobernuak; eraberritze orokorra egingo da, baita teilatua konpondu ere. Kultur arloan egingo diren inbertsioak azpimarratu ditu Roberto Muñoz alkateak: jaiak, II. Neandertrail lasterketa, euskarari zuzendutako laguntzak... Euskara sustatzeko 9.000 euroko inbertsioa egongo da, eta 6.000koa Barrikako kultur ondarea sustatzeko, Udalak jakinarazi duenez.
Denera, 175.000 aurrekontu-saila dago inbertsioetarako. Hain zuzen, 80.000 euro bideratuko dira hondartzarako sarbideak konpontzeko (ikus hemen orain dela egun gutxi Amarratz Surf Taldeak horren ildotik egindako kritika), eta 10.000 inguru udaletxea bera eraberritzeko. Beste 12.000 euro informazio-euskarrietarako izango dira.