Koronabirusa Uribe Kostan

Golfo Norte taberna irekiko dute berriro, osasun-neurri denak bermatuta

Iker Rincon Moreno 2020ko abu. 14a, 10:35

Golfo Norte taberna, artxiboko irudian. © GOLFO NORTE

Barrikako Golfo Norte tabernak ateak irekiko ditu gaur, lokala desinfektatu eta gainontzeko langile denek negatiboa eman ondoren PCR probetan. Hala jakinarazi dute bertako arduradunek sare sozialetan: "Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak funtzionamenduan hasteko baimena eman digu, lokalak eta langileok osasun-neurriak betetzen ditugula ziurtatu ondoren".

Barrikako Golfo Norte taberna itxi behar izan zuten astearen hasieran bertako langile batek COVID-19 detektatzeko PCR proban positibo eman ondoren. Lokala itxita mantendu dute gaur arte, gune denak desinfektatzeko. Horren arduradunek azaldu zutenez, enpresa espezializatu bat kontratatu zuten desinfekzio-beharrak egiteko.

Kutsatutako langilea atzeman ondoren, gainontzeko behargin denei egin dizkiete PCR probak eta negatiboak izan dira denak. Hala, arduradunek azaldu dutenez, Osakidetzak eta Osasun Sailak eskatutako osasun-berme denak betetzen direlakoan, lokala irekiko dute berriro ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun