Koronabirusa Uribe Kostan

"Kudeaketaren ikuspuntutik tsunamia izan da"

Unai Brea 2020ko ira. 17a, 21:11

Kutsatutako egoiliarrak besteengandik bereizita eduki dituzte lehenengo positiboen berri izan zutenetik, Fernando Ibarra zuzendariaren esanetan. HODEI TORRES

Azken asteak latzak izan dira Barrikako Elorduy zahar-egoitzako langile eta erabiltzaileentzat, baita horien senideentzat ere. Ordura arte koronabirusa saihestea lortu bazuten ere, abuztuaren 19tik hona 46 egoiliarrek eta 13 beharginek eman dute positibo PCR probetan. Gehienek ez dute sintomarik izan, baina bost hildako izan dira, aurretik bestelako osasun-arazoak zituztenak. Fernando Ibarra zuzendariagaz berba egin dugu azken hilabeteaz eta oraingo egoeraz.

Irailaren 17ko goizean, azken PCR testen emaitzen zain, hamabi egoiliar eta langile bi dira positiboak Elorduy. Beharginak etxean daude, erabiltzaileak, berriz, beheko solairuan, kutsatu bakoakaz edo daborduko birusik ez dutenakaz kontaktu barik. Bost hil ditu COVIDak, "denak hemendik kanpo, ospitalean", dio Fernando Ibarrak, "guk ez dugu geure begiz gaixotasunak eragindako egoera larririk ikusi". 

Egoitzak 70 erabiltzaile zituen lehenengo positiboen berri izan zutenean. 46k izan dute koronabirusa. Hasieran, bigarren solairu osoa gorde zuten kutsatuentzat, eta gainerakoak lehenengo solairuan utzi zituzten. Ez zuten elkarregaz hartu-emanik, eta bateko eta besteko langile gehienak ere ez ziren gurutzatzen; hala da oraindik ere, eta hala izango da egoitzan positiboren bat dagoen bitartean. 

Behe-solairua hustu egin zuten, gerora erabiltzeko. Protokoloan ezarrita zegoen, diosku Ibarrak. Positiboak negatibo bihurtu ahala, birusak jotakoak behera eroan dituzte, lehenengo eta bigarren solairuetan kabitzeko birusik gabekoak. "Solairu batetik besterako lekualdatzeak gauez egiten dira, kontaktua galarazteko". Koronabirusa izan duten beste hiru gaixo ospitalean daude oraindino (sei izan dira denera, hildakoez gain); negatibo eman dute daborduko, baina beste gaitz batzuengatik geratu behar izan dute han.

Langileek sartu dute birusa

"Lehenengo solairuan egon diren egoiliarretako bat ere ez da kutsatu, gauzak ondo egin ditugun seinale", dio zahar-etxeko zuzendariak. Lau bektorek eroan dezakete koronabirusa, eta Ibarraren ustez guztiz baztertu daitezke horietako hiru, Elorduyn zelan sartu den azaltzeko: "Bide bat egoiliarrak kanpora irtetea eta kutsatzea da, baina ez dugu halakorik baimendu pandemia hasi zenetik; beste modu bat senideen bisitak direla, eta hemen harreman fisikorik gabe eta erdian manpara bat ipinita egin ditugu hasieratik; hirugarren aukera, berriz, egoiliarren bat ospitalera eroatea da, baina hemen ez da gertatu".

Laugarren bidea da geratzen dena, hau da, langile batek birusa izatea, eta eurei hortik sartu zaiela azaldu du Ibarrak. "Pandemia bat dago, eta halako hutsegiteak gerta daitezke". Ohiko lantaldea 51 kidekoa da, baina askok positibo eman dutenez (hamahiruk, denera) eta etxean bakartuta geratu behar izan dutenez, ordezko ugari kontratatu dituzte. Oraintxe, 60 behargin ditu egoitzak.

"Kudeaketaren ikuspuntutik tsunamia izan da", aitortu du zuzendariak, "langile-falta izan da momentu batzuetan, noiz eta egoiliar asko lekuz aldatu behar zirenean". Krisia zeharo igarotzen denean, ohiko antolakuntzara bueltatuko dira. Ibarraren ustez laster jazoko da hori, azken PCRen emaitzen bilakabidea ikusita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun