Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, joan den barikuan, 15:30ak aldera, larrialdi zerbitzuek dei bat jaso zuten, Barrikako mendi-inguru batean gorpuzki batzuk agertu zirela jakinaraziz. Segituan, polizien hainbat patruila bertaratu eta gizaki batenak zirela egiaztatu ondoren, epaitegiari abisua eman zioten.
Hasiera batean, lehenengo ikustaldian, adituek ez zituzten indarkeria-zantzurik aurkitu hilotzean. Orain, aldiz, auzitegi-medikuek eta forentseek egindako ikerketen arabera, gorpuzkiek tiro bi dituzte.
Ertzaintzak adierazi duenez, ikerketak aurrera jarraituko du jazoeraren nondik-norakoak argitu arte.